Astelehenean hasiko dituzte Irurako plaza oinezkoentzat egokitzeko lanak

Ataria 2026ko otsailaren 20a

Zazpi hilabeteko iraupena izango du obrak. Plaza oinezkoentzat gune seguru eta irisgarria bihurtzeko lanak egingo dituzte.

Otsailaren 23an hasiko dituzte Irurako plaza oinezkoentzako espazio bihurtzeko lanak. Obrak zazpi hilabeteko iraupena izango du aurreikuspenen arabera. Bitarte horretan sortuko diren eragozpenengatik, «pazientzia eta ulermena» eskatu die udalak herritarrei.

Hilabeteotan, plazan sartzeko baimena bertako bizilagunek bakarrik izango dute. Gainera, hegoaldeko sarrera erabat itxita egongo da, eta bizilagunek elizaren atzetik pasatzen den errepidea erabili beharko dute. Obrako edukiontziak hilerri bideko aparkalekuan jarriko dituzte. Udalak oinezkoentzako pasabideak errespetatzeko eskatu du, «denen segurtasuna bermatzeko».

Udaletxearen atzean dagoen autobus geltokia Kale Nagusiko 25. zenbaki ingurura lekualdatuko dute, eta hondakinentzako edukiontziak gaur egun autobus geltokia dagoen tokian kokatuko dituzte.

Obraren lehen zatia udaletxearen atzealdean hasiko da, eta lanek aurrera egin ahala beharrezko oharrak zabalduko dituela jakinarazi du udalak.

Proiektuaren helburua Irurako plaza oinezkoentzat gune seguru eta irisgarri bihurtzea da. Behin lanak amaituta, ibilgailu motordunek ezingo dute bertan aparkatu. Udalaren esanetan, obrak herritarren bizi kalitatea hobetuko du. Plaza egokitzeko 781.000 euroko inbertsioa egingo dute, eta Campezo enpresa arduratuko da lanak egiteaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!