Abendu erdialdean Mondragon Unibertsitateko Huheziko fakultateko platoan eta hainbat ikaskidek lagunduta grabatu du DJ Txekorrek (Irura, 2006) bigarren Txekorkada. Edizio lanetan buru-belarri lanean dabil orain, dena prest egon dadin abenduaren 30erako.
Zer da Txekorkada?
Behar bati erantzuteko sortu genuen iaz. Ikusten genuen DJen mundua ikaragarri zabaltzen ari dela munduan, baina hemen, Euskal Herrian, falta dela komunitatea trinkotzea eta gure lana zabaltzea eta sustatzea. Hutsune hori betetzeko sortu genuen Txekorkada eta, bide batez, zuzeneko emanaldi baten bueltan eskualdeko publikoa elkartzeko.
Iaz bi DJren arteko norgehiagoka egin zenuten. Zer moduzko arrakasta izan zuen?
Oihartzun handia izan zuen, ikustaldi asko izan zituen Youtuben eta interakzio dezente sare sozialetan. Ez genuen hainbeste zabaltzea espero. Alegiako gaztetxean egin genuen saioa aurrez aurre DJ Nazak eta biok eta soka ekarri zuen saioak; Iruraren eta Alegiaren arteko lehia sanoa sortu zen, ea bi herritako zeinek zuen DJrik onena [barrez].
Aurten formatu bera errepikatuko duzue?
Ez. Aurten DJ Txekorren 22 minutuko bakarkako saioarekin osatuko dugu Txekorkada.
Nola antolatu duzue saioa?
Bigarren edizio honetan tokiko produktuei ikusgaitasuna eman eta 0 Kilometro filosofia hartu dugu oinarri. Horretarako azoketako postu bat bezala atondu dugu agertokia. DJ Txekor naiz ni, beraz, abeltzaintzari eta nekazaritzari keinu egin diot. Ekarri ditugu inguruko baserrietako produktuak: Tolosako babarrunak, Ibarrako piparrak eta Iruran ekoitzitako porruak, kalabazak, azak...
Zergatik aukeratu duzu gaia?
Bertakoa kontsumitzeko ideia interesgarria iruditzen zait eta zuzenean lotzen da guk egiten dugun aldarriarekin, bertako musika entzutearekin, alegia. DJ munduan askotan jotzen dugu errazera; tutorial gehienak gaztelaniazkoak edo ingelesezkoak dira eta, nahi gabe ere, globalizatutako musika sartzen zaigu. Panorama horretan kultura minorizatuok ez dugu tokirik, bigarren planoan geratzen gara, atzean. Saiakera berezi bat egin behar dugu euskal musika DJ set-etan, nahasketetan eta remix-etan sartzeko.
Baina nahikoa musika ba al dago ba nahasketetarako euskaraz?
Bai, noski. Euskaraz nahi dituzun genero guztiak dauzkazu, egin behar dena da ekartzeko saiakera. Bigarren Txekorkada honetan gaztelaniazko eta ingelesezko piezak sartu ditut baina euskarazkoek ere toki dezente hartu dute.
Euskarazko zein talde aukeratu dituzu?
Saiatu naiz denetarik sartzen. Reggaea dago, adibidez, eta horretarako Xiberoots taldea ekarri dut. Sartu dut Karibe kantua ere, Lekeitioko Txoronek Lilekin sortutakoa. Horrelakoak, batzu-batzuk badaude.
Saioa publikoarekin edo gabe egin duzue?
Gabe. Iazko norgehiagokan publikoa bazegoen, baina giro horretatik urruntzen saiatu gara aurten. Dekorazioan eta argietan jarri dugu indarra.
Zenbat lagun aritu zarete grabazio lanetan eta ondorengo edizioan?
Huheziko ikasle talde bat elkartu gara eta elkarrekin egin dugu lan. Aurrerapen bideoak prestatzen eta muntatze lanetan ari gara orain, eta bideo osoa ikusgai izango da Youtuben abenduaren 30ean 20:00etan. Aurretik, jendeari esan nahi nioke DJ Txekorren Instagramera adi egoteko, aurrerapen bideo bat zabalduko baitugu egunotan. Behin bideo osoa publikatu ondoren ere, Txekorkadarekin lotutako eduki gehiago zabalduko ditugu Instagramen.
Zenbateraino dira sareak garrantzitsuak zuentzako?
Oso garrantzitsuak dira. Guk nahi duguna da gure musika zabaltzea eta ahalik eta jende gehienera iristea, eta sare sozialetan ahalegin hori egiten ez baduzu sortzen duzun produktua hutsala geratzen da. Iazkoak izan zuen arrakasta ikusita, iruditzen zaigu Txekorkadak onura ekartzen diola gure inguruari eta euskara ikusgai bihurtzen duela. Atzetik belaunaldi berriak datoz, DJen munduarekin interesatuta daudenak, eta garrantzitsua da haiek ikustea pintxatu daitekeela musika euskaraz.

