ERREPORTAJEA

Ahots korden dardara bizia

Aitor Arroyo Askarai 2025eko abenduaren 20a

Ispirit taldeak abenduaren 29an egingo du Aretha Gospel ikuskizuna Irurako elizan; emanaldia Aretha Franklin abeslariarengan oinarritu dute.

Herritik mugitu gabe kulturalki bidaiatzeko aukera izango dute Iruran, abenduaren amaieran. Hain zuzen, Aretha Gospel emanaldia egingo baitu Ispirit taldeak hilaren 29an, herriko elizan. Hiru abeslarik osatzen dute taldea, eta oholtzan piano bat izaten dute lagun. Aretha Franklin abeslaria oinarri hartuta sortu dute emanaldi berria, eta estreinaldiko biran bisitatuko dute Irura.

Taldea 2017an sortu zuten eta, ordutik hona, ibilbide sendoa osatu dute gospel klasikoaren hainbat erreferenteren inguruko lanak taularatuta. Hori gutxi ez, eta beste urrats erabakigarri bat ematea erabaki dute: Aretha Franklin abeslariaren unibertsoan murgildu eta hura omentzeko ikuskizun bat oholtzaratzea.

Hain zuzen, Aretha Gospel izena du emanaldi berriak, eta formatu intimo bezain indartsu bat proposatzen diote publikoari, ahotsen fusioan eta gospelaren oinarrizko «kemen emozionalean» oinarrituta. Iñaki Miguel piano jotzaile eta ikuskizunaren zuzendari musikalak azaldu duenez, taldearen aurreko esperientzietatik abiatu zen ideia: «Ispiritek ibilbidearen hasieratik aurkeztu ditu gospelaren pertsonaia nagusietako batzuei eskainitako ikuskizunak. Horren adibide dira hainbat lan egin dituztela Mahalia Jackson, Marion Williams edo Clara Ward bezalako ahots mitikoei lotuta. Ibilbide hori oinarri hartuta, taldeak urrats bat gehiago ematea erabaki du eta Aretha Franklinean zentratutako ikuskizun bat sortu du». Franklinek gospelari egindako ekarpenak eta izan zuen oihartzuna baldintzatzat hartuta, hura zein haren ondarea omentzeko emanaldi «zintzo eta zaindua» osatzen ahalegindu dira.

Proposamen zaindua

Miguelek nabarmendu du ikuskizun berria ez dela «kontzertu soil bat». Taldeak identitate propioa garatu du urteotan, eta hori mantenduz zein osatuz sortu dute proiektu berria. Miguelen hitzetan bide horretan ez diote garrantzirik kendu xehetasun artistikoei: «Kontzertura joaten direnek xehetasunez zaindutako ikuskizun batez gozatzeko aukera izango dute: gospel klasikoaren abestiak, espiritualtasuna, a capella piezak eta gehiago. Ikuskizun oso dinamikoa da, eta taldeko kideen gaitasun artistikoak ahalik eta gehien nabarmentzen ditu».

Abestien aukeraketak berak erakusten du abeslariarekiko errespetua. Esan gabe doa nolako ekarpena egin zion Franklinek gospelari, eta musikariak zehaztu du haren errepertorioan oraindik badirela ikus-entzule askorentzat ezezagunak diren «altxor espiritualak». Miguelen hitzetan: «Programak, batetik, Aretha Franklin berak interpretatutako gospel abesti handietako batzuk biltzen ditu, horien artean, Amazing Grace edo Oh Happy Day. Eta, era berean, sartu ditugu hain ezagunak ez diren baina bere errepertorio espirituala osatzen duten piezak ere».

Iñaki Miguel: «Aretha Franklin omentzea ardura handia da, eta apaltasunez hartzen dugu»

Nolanahi ere, emanaldiaren omenaldi kutsua ez da interpretatzen dituzten abestietara mugatzen. Taldeak ikuspegi zabalago bat bilatu du, eta ikuskizuna osatzeko kontuan hartu dituzte, besteak beste, Aretha Franklinen ahotsaren handitasun emozionala eta bere ibilbidearen izaera sakona. «Aretha Franklin, musika modernoaren ahots boteretsu eta eraginkorrenetako bat, omentzea ardura handia da, eta apaltasunez hartzen dugu. Proiektu hau erronka artistiko bat ez ezik, artistaz gaindiko mirespenaren adierazpen zintzoa ere bada», horrela hitz egin du zuzendari musikalak ikuskizunaren esanahiari buruz.

Gertu bezain indartsu

Ispirit taldearen proposamena berezia da, besteak beste, ikus-entzuleari eskaintzen dion gertutasunagatik. Orkestrazio handiko gospel hanpatuaren alde egin beharrean, pianoaren eta hiru ahotsen arteko elkarrizketa fin eta orekatua bilatzen du; horrela, lehentasuna ematen diote erregistro emozionalari. Miguel piano jotzaile eta zuzendariak nabarmendu du «funtsezkoa» dela ahotsek bat egitea: «Dudarik gabe, ahotsak dira gospel musikaren zutabe nagusia; dena haien inguruan eraikitzen da. Kontzertu honetan pianoa eta ahotsak dituen formatu intimo baten alde egin dugu, non indar adierazkorra ahotsen harmoniaren esku geratzen den».

Iñaki Miguel: «Kontzertu honetan pianoa eta ahotsak dituen formatu intimo baten alde egin dugu»

Zentzu horretan, hiru ahotsetarako moldaketa horiek ez dira bere izate hutsetik sortzen. Miguel arduratu da egiteko hori gauzatzeaz: «Hiru ahots behar bezala pentsatu, landu, moldatu eta egokitu behar dira osotasun bakar baten gisa funtziona dezaten. Bere lana dakar ikuskizunaren bihotza definitzen duten harmonia horiei forma emateak».

Eta hari berari tiraka azaldu du formatu horrek badituela «teknika eta interpretaziozko erronka bereziak», batez ere, Franklinen «erregistro zabala eta indarra» kontuan hartuta: «Aretha Franklinen musika abestea ez da lan erraza… Zenbait zailtasun topatu ditugu, bereziki hasieran, ia mingaina korapilatzen zuten letra batzuetan». Dena dela, zorteko sentitzen da zuzendaria, hain zuzen, hiru ahotsek osatzen dutelako taldea eta, hori horrela, aukera izan dutelako erregistroa banatzeko eta lana «orekatzeko eta kudeagarriagoa» bihurtzeko. Emaitzarekin, berriz, asebeteta hitz egin du: «Entsegu ordu askoren eta dedikazio handiaren ondoren, badirudi oso berezia den zerbait lortzera iritsi garela».

Aparteko ikuskizuna

Hainbat elementuk egiten dute Aretha Gospel ikus-entzuleentzat esperientzia berezi. Taldekideak dioenez, gospelaren inguruan ez da ohikoa halako formatu «zaindu eta indartsuak» aurkitzea. Miguelek ere aparteko emanalditzat du interpretatzen dutena: «Ikuskizun hau benetan bakarra da. Batetik, genero honetan ia talderik ez dagoelako, eta are gutxiago formatu hain intimo eta zainduan. Eta, bestetik, lehen aldia delako Aretha Franklini gospel bidez egindako omenaldi bat egiten zaiona; egia esan, ez dakigu besterik badagoen inguruan».

Taldea, izatez, Lide Hernandok, Ainhoa Egigurenek eta Lidia Insaustik osatzen dute, eta emanaldien bira honetan Claudia Morales ari da Ainhoa Egigurenenen partez. «Taldeko giroa bikaina da; erosotasunez lan egiten dugu, profesionaltasun maila handiarekin eta, batez ere, elkarrekiko errespetu eta estimu sakonarekin», horrela hitz egin du Miguelek elkarlanaren inguruan.

Distantzia, aukera

Gospela musika genero afro-amerikarra da, eta kultur testuinguru zehatz batean sortu zein indartu zen. Ezaugarri horiek kontuan hartuta Euskal Herriko publikora nola gerturatu duten galdetuta, Miguelek azaldu du gaur egun errazagoa dela musika mota guztietara iristea, eta Euskal Herrian Retro Musika eragileak egiten duen lana goratu du: «Haiek antolatzen duten Gospel Zikloa daukagu. Aurten hogeigarren edizioa ospatzen dute, eta horrek asko lagundu du genero hau gure lurraldean ezagutarazten eta indartzen».

Hari berari tiraka gehitu du eurek «gospel beltz eta afro-amerikarrean» jartzen dutela arreta, eta haren «berezitasun estilistikoei» eusten dietela. «Noski, hori guztia sakon islatzen da Aretha Franklinen musikan, non soula eta rhythm and blues-a bere musika nortasunaren alderdi natural eta adierazkorrak diren».

Lehen aipatu bezala, abenduaren 29an egingo dute emanaldia Irurako elizan, baikor hitz egin du Miguelek: «Zorionez, Iruran badago dagoeneko gospelarekin lotutako tradizio polit bat. Gure lankideak, Goiko Gela taldekoak, duela gutxi izan dira bertan gospel ikuskizun batekin, euskaraz, eta horrek Irurako publikoak estiloa ondo ezagutzea eta bereziki prest egotea dakar». Zentzu horretan, emanaldira bertaratzen direnek gozatu egingo dutela aurreratu du, eta esperientzia eurek prestatzerakoan izan duten «ilusio berarekin» bizitzea espero duela.

 

ARETHA GOSPEL

Eguna. Abenduak 29.

Lekua. Irurako eliza.

Ordua. 18:30.

Hizkuntza. Ingelesa.

Abeslariak. Lide Hernando, Lidia Insausti eta Claudia Morales.

Zuzendari eta piano jotzailea. Iñaki Miguel.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!