Irurako udal gobernuak EAJk bidegorri proposamenari buruz plazaratutako irakurketari erantzun, eta bizikleta planaren nondik norakoak, erabilitako irizpideak eta prozesuan jasotako ekarpenak azaldu ditu. «Mugikortasun jasangarria, herritarren segurtasuna eta tokiko jarduera ekonomikoa uztartzea dira gure lehentasuna eta beharrezkotzat jotzen dugu informazioa modu garden eta zehatzean azaltzea».
Oposizioak ezegokitzat jo du proiektua udalerriko eguneroko jardueran eta erabiltzaileen segurtasunean «eragin kaltegarriak» izango lituzkeela-eta.
Ibilbideak, eztabaida
EAJren esanetan trazadura berriak 22 aparkaleku ezabatuko lituzke «dagoeneko eskasia den eremu batean», eta hainbat saltokik egunero erabiltzen dituzten karga eta deskarga guneak ere desagerraraziko lituzke.
Horri erantzunez, udal gobernuak zehaztu du oposizioak ez duela ezer aipatzen sortuko diren aparkaleku berrien inguruan: «Galdu daitezkeen aparkalekuak beste batzuekin ordezkatzen joatea da asmoa, gutxitze hori esanguratsua izan ez dadin».
Hari berari tiraka, gehitu dute gaur egun Kale Nagusiko zati horretan ez dagoela zamaketa lanetarako seinaleztatutako gunerik, eta egitasmo berriarekin asmoa dutela gune horiek saltokietatik «distantzia motzera» kokatzeko: «Bidegorria eta komertzioen jarduera bateragarriak direla sinetsita gaude, eta prest gaude beti balizko arazoei irtenbideak bilatzeko».
Debatean parte hartzea
Oposizioko alderdiak nabarmendu du zazpi establezimenduk adierazi dutela aldaketak «eragin negatiboa» izango lukeela euren jardunean. Zentzu horretan, udal gobernutik erantzun dute bi bilera egin dituztela dagoeneko merkatariekin, eta oraindik beste txanda bat egiteko konpromisoa dutela. «Udal gobernu honek sarritan erakutsi du herriko komertzioa garratzitsua dela, eta oraingoan ere ez dio bizkarra ematen elkarrizketari».
Era berean, udaletik gaineratu dute bizikleta bidezko mugikortasun plana maiatzean aurkeztu zutela hirigintza batzordean, eta, ordutik, beste hiru batzorde zein sei osoko bilkura egin dituztela: «Saio horietako bakarrean ere ez du oposizioak proiektuarekiko kezkarik adierazi. Herritarrekin egindako batzar irekietan ere ez zuen parte hartu».
Horrez gain, aipatu dute Irurako Ikastolako ikasleekin ere landu dutela gaia, «uste dugu hirigintza haurren eta gaztetxoen begiradatik ere egin behar dela. Haien ahotsa entzun, eskaerak jaso eta aintzat hartzea dagokigu».
Segurtasuna ezbaian
EAJk seinalatu du Kale Nagusia dela herriko trafiko handiena duen bidea, eta bidegorriarekin «nabarmen handitu» egingo litzatekeela istripuen arriskua: «Ibilgailuen eta bizikleten arteko elkarbizitza espazio hain estu eta jendetsu batean ez litzateke segurua izango. Horrez gain, kalean dauden bi autobus geralekuek ere eragina jasango lukete: erabiltzaileek bidegorriko eremutik igo eta jaitsi beharko lukete, segurtasunik gabe».
Horren aurrean, udaletik adierazi dute bidegorria egiteak trafiko motorduna baretzeko balio dezakeela, kalearen diseinu eta funtzionamendua berrituko direlako. Autobus geltokien inguruan, berriz, argudiatu dute «erraz eta modu eraginkorrean» seinaleztatu daitekeela autobusera igo eta jaitsi behar dutenen lehentasuna; eta, dagoeneko, hori egin duela Gipuzkoako Foru Aldundiak bi geltokietako batean.
Oposizioaren aukera
Bidegorria ibaiaren ondoko pasealekutik egitea proposatu du EAJk :«362 metro luzeagoa baino ez, eta askoz atseginagoa, ekologikoagoa, merkeagoa eta seguruagoa litzateke». Eta, bestalde, seinalatu du gaur egungo proiektua ez dela kontrastatu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin.
Udal gobernuak, berriz, azken baieztapen hori gezurtatu du: «Gure teknikariek Mugikortasun zein Errepideetako teknikariekin kontrastatu dute informazioa. Irurako Udaleko teknikariek plana aldundiko mugikortasun teknikariekin partekatu zuten, eta haiek adierazi Nagusiko trazadura zela aukera logikoena, ahozko oniritzia emanez». Eta hari berari tiraka gehitu dute proposamena jasota dagoela bidegorriei buruzko eskuliburu guztietan.
Era berean, Irurako Udalak zehaztu du aurkeztutako proposamena ez dela «udal gobernuaren burutazio bat»: «Dokumentua alor honetan eskarmentu handia duten bi enpresek, Bizikerrek eta Gea21ek, osatu dute; aldundiarentzat hainbatetan arlo berdinerako azterketak egin dituzten enpresa berak dira».
Aurrez aipatutakoaz gain, udaletik nabarmendu dute behartuta daudela interes orokorra lehenestera, eta bidegorriak hainbat baldintza bete behar dituela, horien artean, funtzionaltasuna, segurtasuna eta erabilgarritasuna.