Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 25

«Mutil gazteen deserosotasuna artatu behar da»

Jon Miranda Labaien 2025eko azaroaren 19a

Iruran, Indarkeria Matxistaren Aurkako egitarauaren barruan, mutil gazteen erreakzionarismoa eta feminismoaren aurkako jarrerak izango ditu aztergai Joseba Gabilondok, Hiruki Larrosa kooperatiboko kideak.

Gaurko hitzaldia hiru zatitan banatuko du Joseba Gabilondo Marquesek (Eskoriatza, 1984). Egoera zein den azalduko du alde batetik; bestetik, feminismoaren kontrako jarrera horien arrazoiak eta zergatiak azalduko ditu, aurrera begirako zenbait gako emateko. 

Ugaritu egin al dira feminismoaren aurkako jarrerak?

Duela 10-15 urte baino joera handiagoa ikusten dugu orain mutilengan, bai maskulinitate patriarkala berresteko, eta baita euren buruak biktimizatzeko ere. 

Kezkagarria da joera hori?

Bai. Ikastetxe asko gerturatzen zitzaizkigun gaiarekin kezkatuta eta esaten ziguten mutilen artean erreakzio bat sumatzen zutela, antzematen zizkietela jarrera antifeministak. Guk joera horiek berresten genituen eskoletan ematen genituen saioetan ere. Gauzak horrela, beste hainbat eragilerekin partekatu genituen gure inpresioak eta duela urte batzuk gaiaz hausnartu eta estrategia berriak eraikitzeko prozesu bat abiatu genuen. 

Feminismoak ekarri dituen aurrerapenek azaltzen dituzte erreakzioak?

Bai. Feminismoak kolpea eman dio azkeneko urteetan ez bakarrik sistema patriarkalari, baita sistema kapitalistari eta kolonialari ere. Gauzak mugitu dira eta erreakzionarismoa mugimendu horri ematen zaion erantzun bezala ulertu daiteke. Patriarkatua bera da erantzuten ari zaiguna. Baina ez da hori bakarrik.

Zein beste faktorek eragiten dute jarrera hori mutil gazteengan?

Adinkeria izan daiteke beste bat. Helduak gaude gizarte honen erdigunean eta gazteei ezer jakingo ez balute bezala hitz egiten diegu maiz. Belaunaldien arteko tentsioa beti gertatu izan da, eta ez diogu horri behar bezainbesteko arretaz begiratu, errena egin dugu horretan. Horrekin batera, iruditzen zait orain sumatzen dugun joera erreakzionario honek baduela zerikusia kapitalismoaren krisiarekin.  Sistema horrek aldiro-aldiro krisiak behar ditu bere burua berrasmatzeko eta bizirauteko. Gizartean sortzen den ziurgabetasun horretatik elikatzen dira, baita ere jarrera erreakzionarioak. Horrelakoak lehen beste herrialde batzuetan ikusten genituen baina heldu dira baita Euskal Herrira ere.  

Nola identifikatu daitezke erreakzio antifeministak?

Erreakzio hauek dituzten gizonezkoak antolatzen hasita daude ingurune digitalean adibidez, manosfera deitzen dioten horretan. Gainera, ez da, soilik, eskuindar edo pentsamendu atzerakoiak dituztenengan azaleratzen, ezkerrean ere sumatzen ditugu azkenaldian horrelakoak. Hortik kalera salto egin ote duen? Ez naiz esatera ausartzen. Guk eskoletan ikusi ditugu zenbait jarrera: azaroaren 25eko elkarretaratzera joateko deia egin adibidez, eta mutil gehienak, taldean, boikota egiten diote parte hartzeari. Hori gertatzen ari da.

Zein erreminta proposatzen dituzue jarrera hauei aurre egiteko?

Uste dut lehenik ulertu egin behar dugula gertatzen ari dena. Mugimendu feministak gizonok interpelatu gaituenean, gehienok, modu batera edo bestera, ezinegona sentitu dugu. Deserosotasun horri ez zaio orain arte heldu eta hitz egin behar dugu horri buruz, mutil gazteek sentitzen dituzten beldurrez. Epaitik urrundu eta ulermenarekin hurbildu behar dugu gertatzen ari den horretara. Deserosotasuna politizatu egin behar dugu, erreakziora jo ez dezan. Bide laguntza egitea da guk Hiruki Larrosatik proposatzen duguna: mutil gazteen deserosotasuna artatu egin behar da eta babes emozional bat eman. 

Zeinentzat da interesgarria gaur Iruran emango duzun hitzaldia?

Mutil gazteei buruzkoa da hitzaldiaren testuingurua, baina ez da haiei bakarrik eragiten dien fenomeno bat. Beraz, gaurko hitzaldira gonbidatuko nituzke gazteak eurak baina, batez ere, haiekin harremana dutenak. Eta animatuko nituzke gizonezkoak; mutil gazteak erreferenteak behar dituzte, beste eredu bati jarraitzen dioten gizonezkoak, alegia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!