2024-2027 legealdi erdia

«Nahi genuke barruko eskaeraren araberako neurrian haztea herria»

Jon Miranda Labaien 2025eko urriaren 21a

Mugikortasunarekin lotutakoekin dabiltza buru-belarri lanean: Villabona eta Irura arteko bidegorria amaitzerakoan herri barrukoari ekingo diote, eta plaza egokitzen hasiko dira 2026an.

Alkate baten bertuteak zerrendatu ditu Gorka Murua Makusok (Irura, 1976): herritarrei entzutea, haiek inozotzat ez hartzea eta kerik ez saltzea. Hori guzti hori, eta ezezkoa eman behar denean ezezkoa ematen jakitea. 

Zein balantze egiten duzue agintaldiaren lehen parteaz?

Oso positiboa da egiten dugun balantzea. Herritarrekin zazpi konpromiso hartu genituen eta guretzako ia obsesioa izan da emandako hitza betetzea. Konpromiso batzuk bete ditugu eta beste batzuk, berriz, uste dugu legealdi amaierarako beteko ditugula.

Herritartasuna sustatuko zenutela esan zenuten agintaldi hasieran. 

Bai. Iaz herritarrekin egin genuen parte hartze prozesuak balio izan zigun zer nolako Irura nahi dugun irudikatzeko. Prozesuan erronka zehatz batzuk agertu ziren eta horien artean harrerarena lehenestea adostu genuen. Guretzat, hemen bizi diren guztiek irurar sentitu behar dute, horrela nahi badute behintzat; gure esfortzua horretara bideratuko dugu. Baliabide gida bat ari gara diseinatzen eta tresna horrekin kanpotik datozenei bidea erraztu nahi diegu, atxikimendua sortu, komunitatea indartu eta herrian parte hartzera gonbidatu. Ez dugu harrera hori, soilik, instituzionala izatea nahi, herri mailakoa baizik. Horrek hainbat pertsona eta talderen konplizitatea eskatzen du, eta hasiak gara elkarrekin lanean. Sinetsita gaude arnas luzeko bidaia izango dela baina bere fruituak emango dituela.

Harrera egingo diezue berriei eta bertan bizi direnek izango dute Iruran geratzeko aukera?

Bai, hori bermatu nahi diegu behintzat. Aurreko agintaldian egin genuen azterketak erakutsi zigun hamabost urteko prospekzioan etxebizitza berriak beharko ditugula Iruran. Kontua da lurzoru publikorik ez dugula eta eraikigarritasuna duten lur bakarrak pribatuak direla, ibaiertzean, Zabalgune 9 lursailean. Garapen urbanistiko hori aurrera ateratzeko, parte hartzen duten agenteekin ari gara elkarrizketan: lur jabeekin eta eraikuntza enpresekin. Udalak bi premisa nagusi jarri ditu mahai gainean: bat, borondate osoa daukagula bidelagun izateko; eta bi, garapen horrek mantsoa behar duela izan, tokiko eskaeraren tamainakoa. 

Zenbat etxebizitza aurreikusten dituzue zuek?

2012ko Plan Orokorrean jasota dago gune horretan 300 etxebizitza egiteko aukera –horietatik 90 babestuak eta tasatuak–. Guk etxebizitza horiek garatzea nahi genuke baina erritmo pausatuan. Merkatua merkatua izango da, baina barruko eskaeraren araberako erritmo batean nahi genuke herria haztea, bestelako esperientziak bai baititugu Iruran. Konprobatuta daukagu hazkunde azkarrek, besteak bete, komunitatearen ahultzea dakartela eta, askotan, baita zerbitzuen eta biztanleen arteko desoreka ere. Ez dugu berriro gertatzerik nahi. Orain da garaia pixkanakako hazkunde horri erantzungo dion herriaren garapena pentsatzeko, azpiegitura eta zerbitzuak prestatzeko hemendik 15 urteko agertoki horretarako.

Horregatik, besteak beste, berrituko duzue plaza. Noiz hasiko dira lan horiek?

Urte hasieran hasi nahi genituzke lanak eta sei bat hilabeteko iraupena izango dute. Plaza oinezkoentzat lehentasunezko espazio bihurtu nahi dugu, haren bueltan zerbitzu asko pilatzen direlako eta herriko bilgune nagusia delako. Errepidetik hasi eta eliza atzealderaino 3.000 metro koadroko espazioa dago. Zoru aldetik irisgarriagoa izango da plaza berria eta argiteria eta altzariak aldatuko ditugu. Obra handi hau plaza azpiko hoditeri guztia berritzeko baliatuko dugu. 

Oinezkoentzat eta bizikletentzat gune seguruak nahi dituzue. Horretara dator Villabona eta Irura arteko bidegorria?

Bai. Irura bi errepide nagusiz inguratutako eta zeharkatutako herria da, eta herri lagunkoi eta bizigarri bat izateko asmo horretan mugikortasun jasangarria guretzat giltzarria da. Gertatzen dena da eskumen horietako asko ez direla gureak, aldundiarenak baizik. Hainbat eskaerekin jo izan dugu haiengana, horien artean, Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorriarenarekin; onartu zuten eta martxan dira lanak, urte amaierarako bukatuko omen dituzte. Guri orain tokiko bidegorri sarea eraikitzen hastea dagokigu. Bizikleta plana egin genuen iaz, eta orain, aurkeztu diren helegiteei erantzungo diegu. 2026an idatzi nahi dugu proiektua eta datorren urte amaieran hasi lanekin. Irurarrek merezi dituzte azpiegiturak, bai oinez bai bizikletaz lasai ibiltzeko.

Aldundiari egin dizkiezuen eskaeren artean daude trafiko astunari aurre egiteko neurriak?

Bere garaian proposamen bat egin genien, Gasteizerako norabidea hartzeko inkorporazioari beste adar bat gehitu ziezaieten Irurara sartzeko. Zer saihestuko genuke horrela? Anoeta eta Tolosa arteko industriagunera doazen kamioiek gure herria zeharkatzea, eta Anoetako, Alkizako edo Hernialdeko herritarrek beste aukera bat izatea euren herrietara joateko. Aztertuko zutela esan ziguten baina ez dugu berririk jaso. Eskean jarraitu beharko dugu.

Gizarte zerbitzuen arloan zertan ari zarete?

Indar dezente jarri dugu eta baliabide ekonomiko eta pertsonalak bideratu ditugu sail horretara. Anoetako Udalarekin batera prebentziorako eta arreta psikosozialerako talde bat osatu dugu eta oso gustura gaude emaitzarekin. Gizarte zerbitzuetako langileetako batek berdintasun gaien ardura zuzena hartu du eta osatuta daukagun planari jarraipena eman diezaioke. Eta baliabide gutxi ditugun arren, etxez etxeko laguntzan aritzen diren langileen lan baldintzak hobetu nahian gabiltza beste hainbat udalekin batera. Zaintza da gai inportanteetako bat eta guk beka bitartez diagnostiko bat egin genuen iaz. 2025-2029 epealdirako ekintza plan bat diseinatzen ari gara, eta zazpi ardatz nagusi identifikatu ditugu. Zaintzaren ertz ugari horietan eragin behar dugula iruditzen zaigu.

Indartsu zaudete datozen bi urteetarako?

Bai. Oso-oso gustura gaude. Gustuko lana da guretzat, herria zerbitzatzeko borondatea dugu. Gure ustez, Irurarentzat ona den proiektua daukagu, eta despistatu gabe, pausoz pauso ari gara. Zuhurtziarekin, baina iparra galdu gabe aurrera jarraituko dugu, jakinda udalek euren mugak izaten dituztela, batez ere ekonomikoak.  

Errepikatuko duzu alkategai gisa bi urte barru?

Taldean erabakiko da. Nire ustez, ordea, proiektua bera da garrantzitsuena. Taldea osatzen duten pertsonek garrantzia dute, noski, baina ziur naiz hurrengo udal hauteskundeetara ere EH Bilduk talde indartsua aurkeztuko duela. Herritarren interesak defendatzen eta proiektuetan jarriko dugu guk azpimarra. Ez nau gehiegi kezkatzen alkategai ni izango ote naizen. Nik herrigintza egiten jarraituko dut udalean egon edo ez, horrek ez du ezer aldatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!