Establezimendu lagunkoiak ekimena jarri dute martxan

Ataria 2025eko urriaren 15a

Irurako sei establezimenduk ekimenean parte hartzea erabaki dute eta zigilua jaso dute. Dendariek hainbat konpromiso hartu dituzte adin guztiekin lagunkoiagoak izateko.

Irura Lagunkoia proiektuak ekimen berri bat jarri du martxan: Establezimendu Lagunkoia. Herriko hainbat establezimenduk adin guztietako herritarrekin lagunkoiagoak izateko konpromisoa hartu dute. Erakusleihoetan ekimenarekin bat egiten dutela esaten duen zigilua jarriko dute, besteak beste, Irurako farmaziak, Tximak ile-apaindegiak, Xare kafetegiak, Irurako Ostatuak, Trinketeak eta Irura kafetegiak. 

Proiektuaren bultzatzaileak konturatuta daude adineko herritarrak bertako dendetako kontsumitzaileak direla. Gainera, uste dute adinekoen autonomia bultzatzen herriko dendariek garrantzi handia dutela, haien bizi-kalitatea bermatzen eta zailtasunen hasierak antzematen giltzarri izan daitezkeelako. Establezimendu Lagunkoia ekimenarekin saltokiek betetzen duten paper komunitarioari, beraz, balioa eman nahi diote. 

Dendarien konpromisoak

Ekimenarekin bat egin duten establezimenduek, hemendik aurrera, deskantsurako aulkiak izango dituzte adineko pertsonentzat; ondo hornitutako komun publikoa eskainiko diete erabiltzaileei; irisgarritasuna bermatuko dute eta oztoporik gabeko korridoreak bermatuko dituzte; establezimenduetan argiztapen egokia izango dute eta kartelak eta prezioak bistan edukiko dituzte, eguneratuta. Parte hartu duten sei dendek, gainera, bezeroei «era aktiboan» entzuteko konpromisoa hartu dute.

Irurako Udalak Eguzki-Txoko jubilatuen elkartearekin batera jarri zuen martxan Irura Lagunkoia proiektua. Adineko pertsonen eta, oro har, herritar guztien parte hartzea bultzatzea du helburu, auzo eta inguruneak hobetzeko eta zahartzen doazen heinean adinekoek bizitza herrian egiten jarraitzeko aukera izan dezaten. 

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena da Euskadi Lagunkoia eta, gaur egun, 87 udalerri daude atxikita sarera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!