Irurako jaiak 2025

Larronde-Sistiague bikoak irabazi du Xare Txapelketa

Ataria 2025eko urriaren 4a

Irurako jaien barruan San Migel Xare Irekiaren finala hartu du herriko trinketak.

VII. San Migel Xare Irekiaren finala irabazi du Larronde-Sistiague bikoteak. Irurako jaien barruan, herriko trinketan jokatu dute partida, Etxeberri-Borteyru bikotearen aurka, eta 40-34ko emaitzarekin gailendu dira.

Partidaren lehen zatian alde handiarekin aurreratu da bikote irabazlea, baina bigarren zatian Etxeberri-Borteyru gerturatzen joan dira, amaiera aldera puntu bakarrera izan arte. Ezin izan dute, ordea, markagailua berdindu, eta bikote gorriak lortu du 40ra iristea.

Finalaren aurretik, Irurako neska xarelarien arteko partida izan da ikusgai. Hain justu, Paule Fernandezek eta Alaine Larrartek Sara Agirreren eta Irati Zabalaren kontra jokatu dute. 

Finalaren ostean, sari banaketa egin dute, eta ondoren, oroigarriak banatu dizkiete finalaren aurretik jokatu dute xarelariei, eta baita berriki Argentinan jokatu den 23 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketan parte hartu duten irurarrei ere. Xuban Lopetegi, Matxalen Mendizabal, Markel Mujika eta Oier Iturbe izan dira Munduko Txapelketan jokatu dutenak, eta eurekin batera Mikel Uzkudun hautatzaileari ere eman die oroigarri bana Irurako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!