Larronde-Sistiague bikoak irabazi du bigarren partida eta finalean dago

Ataria 2025eko urriaren 1a

VII. San Migel Xare Irekiaren bigarren partida jokatu zen atzo, eta Larronde-Sistiague bikoak 32-40 irabazi zion Lopetegi-Castera bikoari.

Larronde-Sistiague bikoak lortu du VII. San Migel Xare Irekiaren finalera sailkatzea, atzo jokatutako partidan Lopetegi-Castera bikoari 32-40 irabazi ondoren. Joxi Lopetegi irurarrak, beraz, ez zuen lortu irabaztea, Casterarekin batera markagailuan aurretik joan arren.

Izan ere, irabazleek partidari buelta handia eman zioten. Markagailuan 18-8 eta 20-11 joan zen Lopetegi-Castera, bikoa, baina Larronde-Sistiague bikoak 24nara berdintzea lortu zuen. Ondoren, 28na egin zuten, eta gero aurretik jarri ziren Larronde eta Sistiague eta azkenean 32-40 irabazi zuten. Lehenengo partida galdu arren, markagailu horrekin irekiaren finalean izango dira.

Beste finalista bihar, osteguna, jakingo da. Ligaxkako hirugarren partida jokatuko da Ametsa trinketean, 19:00etan hasita. Lehenengo partida irabazi zuten Etxeberri-Borteyru bikoak aurrean izango ditu Lopetegi-Castera bikoa. Etxeberrik eta Borteyruk 32 tantotara iritsiz gero, finalean izango dira. Finala larunbatean jokatuko da, 11:30ean hasiko den jaialdiaren barruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!