Irurako jaiak 2025

Dantzaz bete plaza

Ataria 2025eko irailaren 27a

Eguerdia zen, eguzkiak gogoz jotzen zuen, eta txistu hotsak entzutearekin batera, Irurako gazteek herriko plaza hartu dute. Plaza dantzaleku bihurtu da, beste urte batez. Izan ere, sanmigel jaietan murgildurik, soka-dantza izan da gaurko ekitaldi nagusia.

Hamarnaka gazte bildu dira gaur eguerdian Irurako plazan, baserritar jantziekin eta zapi berdea lepoan zintzilik zutela. Asteotan entseatutako dantza jendaurrean dantzatzeko unea iritsi zaie askori, lehenengoz. Izan ere, 13:00etan hasita, ordu erdi luzeko iraupena izan du gaurko soka-dantzak.

Dantzari batzuk serioago, besteak festazaleago; batzuk urduriago, beste batzuk lasaiago, baina guztiek une polita eskaini nahi izan diete San Migel plazan bilduriko ikusleei. Une hunkigarriak ere bizi izan dira, gazteek etxeko kuttunak dantzara atera dituztenean, omenaldia eskaintzeko.

Edonola ere, atseden hartzeko denbora gutxi izango dute Irurako gazteek, izan ere, asteburu guztian zehar izango da zer ospatua San Migel jaien barruan.

EGITARAUA

  • GAUR, LARUNBATA.
    • 09:00. Gazte festaren hasiera San Migel plazatik. 
    • 11:00-13:00 eta 15:30-18:30. Haur parkea ikastolako patioan. 
    • 13:00. Dantza soka plazan. 
    • 14:00. Haurren bazkaria elizako arkupetan. 
    • Bazkalostean. Jolasak haurrentzat adinaren araberako taldeetan. 
    • 14:30. Gazteen bazkaria Gazte Alaiak elkartean. 
    • 18:30. Poteo musikatua Burrunba elektro-txarangarekin. 
    • 20:00-22:00. Beldur barik gunea San Migel plazan. 
    • 23:30. Janus Lester eta Iratzar taldeen emanaldia. 
    • 00:30-03:30. Puntu morea: Emakumeak elkarrekin etxera itzultzeko udaletxearen aurrean.
  • BIHAR, IGANDEA.
    • 11:00. Patata-tortilla lehiaketak helduentzat eta haurrentzat San Migel plazan. 
    • 12:00. Sagardo dastatzea San Migel plazan. 
    • 18:00. Onintza abesbatzaren emanaldia elizako arkupetan. 
    • 19:00. Txapela Brava taldearen emanaldia. 
    • 20:00-22:00. Holi festa DBHko nerabeentzat gazteen karpan.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!