Irurako jaiak 2025

«Ohorea da niretzat festei hasiera ematea»

Ataria 2025eko irailaren 26a

Irurako San Migel festei hasiera emateko suziria piztu du Jon Gurrutxaga DJ Bull herritarrak. Aurretik musikarekin girotu du bere mezua.

Gustura zegoen eta baita hunkituta ere Jon Gurrutxaga eta berarentzako festei hasiera ematea «ohorea» dela esan du. DJ Bull izenarekin bere bidea hasi zuela 25 urte bete dira, eta Irurako jai batzordeak bera izendatu du herriko festei hasiera emateko. Musika erabili du bere mezua girotzeko, eta jai batzordeari eskerrak eman ondoren, lehenbizi palestinarrak izan ditu gogoan. Jarrain, Irura Moretuz taldeak egiten duen lana eskertu du; «erasorik gabeko jai gunea nahi dugu, ez matxistarik, ez homofoborik ez arrazistarik», esan du. Euskara ere izan du hizpide, eta gogora ekarri du datorren urtean Korrika ospatuko dela. Dantzarako gonbita egin ondoren, berarekin balkoian zeuden herriko eragileak izan ditu gogoan, eta ondoren suziria piztu du.

Behin festari hasiera eman ondoren, Gorka Murua alkateak festetako zapia jarri dio Gurrutxagari, eta herensugeak bere bidea hasi du elizako dorretik udaletxeraino. Loatzo musika eskolako txarangak girotu du plaza, eta ondoren etorri da puxikak eta goxokiak botatzeko unea, haurren gozamenerako. Azkenik, erraldoiek dantza bat egin dute plazan, eta buruhandiek eta txarangak lagunduta, kalejirarekin hasi dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!