Sortuk esan du fusilamendu haiek, «diktadura frankistaren aurka borroka egin zuten bi gazte abertzale akabatzeaz gain, Euskal Herriaren askatasun egarria itotzea» ere bazutela helburu, «ez zuten lortu ordea». Era berean, esan du herri hau belauniko jartzea lortu zuten adibide direla ere «eskualde honetako eta euskal herri osoko militante eroriak, kide, senide eta lagun eroriak ere». Horiek denak oroitzen dituzte irailaren 27 bakoitzean, eta horiek denak oroitu dituzte gaur, Irurako trinketean.
Bertan ezker abertzaleko hainbat belaunalditako kideak elkartuko dira. Adar hotsek iragarri dute omenaldiaren hasiera, eta horien atzetik txalaparta eta Amaia Agirreren bertsoak izan dira. Ekitaldian zehar Azken Sustraiak musika taldeak pare bat kantu ere jo ditu.
Sortuk gehitu du «gertakari haien memoriak eta orbainek oraindik bizi-bizirik» dirautela Euskal Herrian eta nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak direla. «Haatik, herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere bizi-bizirik dago. Hala iritsi da guganaino hamarkadaz hamarkada. Euskal Herria askatzera lotu gara milaka herritar, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batuz».
Hori dela eta, irailaren 27an badagoela zer oroitu eta aldarrikatu uste du Sortuk, eta Euskal Herriaren askatasun grinak bizirik eta indartsu jarraitzen duela esan du, «milaka lagunek egunero elkarrekin hauspotzen dugu, eta duela mende erdi ondo lotuta utzi nahi izan zuten korapilo hura askatzeko momentua da».
Zentzu horretan, urte hauetan borrokara batu diren belaunaldi guztioi aitortza egin diete. «Euskera suspertzeko lanean aritu diren militante guztiei, herri justuago bat eraikitzeko lanean aritu direnei, presondegian zeuden kideak askatzeko lanean aritu direnei, Estatua mahai baten bueltan esertzeko borratu dutenei, eta noski, bidean utzi ditugunei eta haien senideei». Bertan izan dira horien senideak eta Agurra dantzatzeaz gain, oroigarri bana eta lore bat eman diete.
«Momentu honetara iritsi bagara milaka eta milaka milintateen konpomisoari esker izan da. Independentziara bidean, Euskal Herria askatzera lotu garenon garaia da», gaineratu du sortuk.
Iruñera joateko autobusak
Iruñera joateko autobusa antolatu dute. Ekitaldia Anaitasuna pabiloian izango da 17:30ean eta eskualdeko autobusa 15:30ean aterako da. Tolosako Amaiur tabernan, Villabonako Iratzar herriko tabernan edo 686 675 442 telefono zenbakian eman behar da autobuserako izena.