Espainiaren aurka galdu du euskal selekzioak

Ataria 2025eko irailaren 19a

Oier Iturbe eta Xuban Lopetegi ezkerrean, eta eskuinean Espainiako taldeko pilotariak.

Lehen jokoa nagusitasunez irabazi ostean, bigarrena irabaztear egon dira, baina azkenean aurkariak gailendu dira.

23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketan Espainiaren aurka jokatu zuen atzo euskal selekzioak, eta galdu egin zuten. Lehen jokoa 15-5 irabazi zuten, eta bigarrena eta hirugarrena 15-14 eta 10-3 galdu zituzten, hurrenez hurren.

Mikel Uzkudun hautatzaile irurarrak azaldu duenez, «triste eta burumakur» geratu dira partida galdu ostean. «Pena handia izan da, Xuban Lopetegik eta Oier Iturbek bikain jokatu dutelako lehenengo jokoan, eta nagusitasun osoz irabazi dute. Baina, tira, lehiaketak horrela izaten dira».

Bigarren jokoan, Espainiako taldeko kideak «erabat apurtzera» atera zirela esan du Uzkudunek: «Sakean asmatu egin dute, eta min handia egin digute». Euskal selekzioko pilotariak, ordea, partidan sartu ziren, eta 14na berdintzea lortu zuten. «Garaipena gertu izan dugun arren, aurkariek irabazi dute bigarren jokoa. Hor pilotariak lur-jota geratu dira, joko bat 15-14 galtzen dugun hirugarren aldia baita», esan du hautatzaileak. Hirugarren jokoan, Espainia nagusi izan da, 10-3 irabaziz. 

Gaur finalerdiak jokatuko dituzte, 16:00etan (Euskal Herriko 21:00ak). Atzoko partida irabazi izan balute, berriro ere Espainiaren aurka jokatuko lukete. Baina, galdu egin zutenez, Frantziaren aurka jokatuko dute. Txapelketako faborito nagusia da Frantzia. «Ahaleginak egingo ditugu, saiatuko gara, baina badakigu euren aurka irabaztea oso zaila dela», azaldu du Uzkudunek.

Bihar, berriz, eta finala eta hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatuko dituzte. Euskal selekzioak ez badu gaurko partida irabazten, hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatuko du beste finalerdia galtzen dutenen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!