Udal ordezkariek eta Kultur Mahaiko kideek Irurako jaiak aurkeztu dituzte. Hainbat ohar eta berrikuntza aipatu dituzte. Gorka Murua alkateak azaldu duen bezala, aurtengo jaiak lagun berriarekin etorriko dira: «Erraldoi berri bat egin da aurtengo festetarako. Herensugea Irurako ikurra da. Orain arte, balkoian egon da, baina aurtengoan kalera jaitsiko da, kalejiran gurekin ibiltzeko. Ikusmina sortu du, eta espero dugu kalejira arrakastatsuak izatea». Alkateak Kultur Mahaiko kideak gogoan izan ditu, festak prestatzen egin duten lan guztiagatik. Horregatik, eskerrak eman dizkie Irurako elkarte eta eragile guztiei. Azkenik, aurtengo txupina herriko seme batek botako duela iragarri du: «Kultur Mahaiak erabakita, aurtengo jaiei hasiera Jon Gurrutxaga Bull-ek emango die. Merituak asko ditu: herritarra izateaz gain, azken 25 urte hauetan Euskal Herri osoan ibili da musika jartzen, jai giroa sortzen, eta euskal kultura sustatzen. Iruran ere lan asko egina da. Kultur Mahai askotan parte hartu du, eta festak antolatzen ere buru belarri ibilia da. Aurten, urtemuga berezi hori du: musika jartzen hasi zenetik 25 urte bete ditu. Badakit irailaren 26an txupinazoa botatzeak ilusio berezia egiten diola, herritarren aurrean nolabait eskerrak emateko modu bat izango da».
Emakumeak etxera elkarrekin itzultzeko Puntu Morea
Irura Moretuz taldetik, festetarako ohar bat zabaldu nahi izan dute: «Jaiak denak alai pasatzeko ezinbestekoa da denok egoki jokatzea; osasuntsu jokatzea. Horretarako, Irura Moretuz eta udaletxeak elkarlanean protokolo bat prestatu dute, tabernetan eta txosnetan eskuragarri egongo dena. Bertako kideak ere prestaturik egongo dira. Jaietan emakumeak etxera itzultzeko bi txanda prestatu dira, hau da, bi Puntu More egongo dira. Jaietan ondo pasa, eta gogoratu Iruran ez dela inongo erasorik onartuko».
Puntu Moreak irailaren 27an eta urriaren 4an jarriko dira, 00:30ean eta 03:00etan, udaletxe aurrean.