Uruguaiko selekzioari irabazita garaipen historikoa lortu du euskal selekzioak xarean, lehenengoa baita nazioarte mailan. «Oso pozik gaude, pilotariak ere bai, eta ospatzeko moduko garaipena da», esan du Mikel Uzkudun hautatzaile irurarrak. Bestalde, Argentina eta Frantziaren aurka lehen partidak galdu ondoren, dominen lehian jarraitzeko ezinbestekoa zen partida hori irabaztea.
Uruguai multzoko talderik ahulena zela aurreikusita zuten, eta horrelaxe izan da. Lehenengo jokoa 15.3 irabazi dute eta bigarrena 15-7. Matxalen Mendizabal eta Markel Mujika irurarrek jokatu dute partida. «Biak oso txukun aritu dira, eta aurkariek ez dituzte gehiegi estutu. Tentsio puntu bat beti egoten da, urduritasuna eta irabazi beharra zegoela eta. Hasieran kostatu egin bazaigu ere jokoan sartzea, nahiko erraz atera dugu aurrera partida», zehaztu du hautatzaileak.
Gaur beste partida garrantzitsu bat dute, dominei begira, Espainiako selekzioaren aurka. «Dominen lehian sartuta gaude, baina gaur irabazita Frantzia saihestuko genuke finalerdietan. Espainiaren aurka irabazita, finalerdiak berriro Espainiaren aurka jokatuko genituzke. Aukera gehiago ikusten ditugu finalerdiak Espainiaren aurka Frantziaren aurka jokatuta baino», zehaztu du Uzkudunek. Partida 21:00ak aldera izango da, Euskal Herriko orduan.
Oier Iturbe, Xuban Lopetegi, Mikel Uzkudun, Markel Mujika eta Matxalen Mendizabal. EEPF
