Frantziako selekzioa estutu dute

Ataria 2025eko irailaren 17a

Eskuinean, Markel Mujika eta Xuban Lopetegi.

Euskal selekzioak Frantziako selekzioaren aurkako partida galdu du xarean, 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketan.

Lau irurar xarelari joan dira Euskadiko selekzioa ordezkatzera, Argentinan jokatzen ari diren Munduko Txapelketan. Lehiaketako bigarren partida jokatu zuten atzo Frantziako selekzioaren aurka, eta azkenean galdu egin bazuten ere, aurkaria aldaketak egitera behartu zuten. Oraingoan Xuban Lopetegi eta Markel Mujika irurarrek jokatu dute euskal selekzioarekin.

«Pena handia, baina lan ona egin ondoren, 2-0 galdu dugu partida», esan du Mikel Uzkudun hautatzaileak. Lehenengo jokoa 15-12 galdu zuten irurarrek. «Lehiatua izan da lehen jokoa eta aukera txiki batzuk izan ditugu irabazteko edo behintzat parean joateko. Azkenean joan egin zaizkigu». Bigarren jokoan, berriz, aldaketa nabaria izan da. «Ikaragarrizko jokoa egin dute gure pilotariek, eta 8-0 aurreratu dira. Behartu ditugu aurrelari titularra ateratzera. Aurrelari hori Oxan Halsouet da eta bera jokoan sartzerakoan parekatu egin da partida. Aurre hartu digute, eta gero berdinketa lortu dugu 14nara, eta azken puntua beraientzat izan da. Zorte txarra. 14nako bi joko galdu ditugu bi partidetan».

Oraindik aukerak dituztela dominen lehian izateko zehaztu du Uzkudunek. «Bi partida geratzen zaizkigu, eta horiek irabazten baditugu oraindik aukerak ditugu. Uruguairen aurka jokatuko dugun biharkoa [gaur] irabazten badugu, dominen jokoan sartuko ginateke». Espero dute partida hori irabaztea. «Baina pilota borobila da, eta ezin da ezer ziurtatu. Mutilak animatuta daude gaur [atzo] egin duten jokoarekin, eta egin dugun lanarekin emaitzak etorriko zirela bagenekien. Ez badugu irabazi ere, ahoz-zapore gozoarekin geratu gara, munduko bi pilotari onenen aurka aritu garelako jokatzen bigarren joko horretan. Sentsazio onak ditugu eta itxaropentsu gaude Uruguairen aurkako partidaren aurrean». Uruguairen aurkako partida gaur 22:00ak aldera jokatuko dute, Euskal Herriko ordutegian; Argentinan, beraz, 17:00ak aldera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!