Lehenengo partida galdu egin dute

Ataria 2025eko irailaren 16a

Oier Iturbe eta Matxalen Mendizabal, ezkerreaan, Argentinaren aurkako partida hasi aurretik. EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAKUNTZA

Lau irurar daude Argentinan 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketa jokatzen xarean, euskal selekzioa ordezkatuz, eta argentinarren aurka gutxigatik galdu dute lehen partida.

Matxalen Mendizabalek eta Oier Iturbek jokatu dute lehen partida hori, eta lehen jokoa 15-13 irabazi badute ere, bigarrena 14-15 galdu, eta berdinketa hausteko hirugarren jokoa 8-10 galdu dute. Bost selekzio ari dira lehian xarean, eta atzo jokatu zuten lehen partida irurarrek.

Mikel Uzkudun irurarra da xareko hautatzailea, eta hasieratik argentinarrek lanak emango zizkietela jakinaren gainean zeudela azaldu du: «Partida ahalik eta ondoen prestatu genuen, eta gure ustez partida atzean zegoen, atzelariari jokatu behar genion». Lehenengo jokoan asmatu zuten, atzelariari jokatuz eta «erabaki onei erantsita». Bigarren jokoan argentinar atzelariak «izugarrizko erantzuna» eman zietela esan du Uzkudunek, eta ez zuela pilota bat ere galdu. «14na jarri baginen ere eta puntu batera egon baginen ere, azkenean beraien alde erori zen puntu hori, eta hor nik uste dut moralki kolpe handia izan zela gure pilotarientzat». Gero, fisikoki ere pixka bat jaitsi ziren, eta «normalean egiten ez ditugun huts batzuk ere egin genituen hirugarren jokoan, eta azkenean, kitarako azken joko horretan 8-10 galdu genuen».

«Pena handia» hartu dutela esan du Uzkudunek. «Partida hau irabazita, ligaxkako bigarren edo hirugarren postuan sartzeko aukerak izango genituen. Orain, gauzak zailago jarri dira. Ez da ezinezkoa, eta gertatu daiteke Espainiak Argentinari irabaztea eta gero guk Espainiari irabaztea, eta bigarren posturako lehian sartzea. Bestela, brontzezko dominaren lehian sartuko ginateke».

Gaur Frantziako selekzioaren aurkako partida dute. Euskal Herrian 21:30ak inguruan (Argentinan bost ordu gutxiago) hasiko dira, beti ere aurreko partiden iraupenaren arabera. «Partida zaila da, eta Frantziako bikote titularrak jokatzen badu, are eta zailagoa», esan du Uzkudunek. «Pentsatzen dut erreserbako norbait sartuko dutela, taldea freskoago izateko. Eta horrela bada, aukeraren bat izan dezakegu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!