Irurako jaiak 2025

Boluntario bila dabiltza festetan laguntzeko

Ataria 2025eko irailaren 16a

Galdetegi bat bete beharko dute lagundu nahi dutenek; bide batez, herriko hainbat ekimenetan izen emateko epea zabaldu dute jakinarazi dute Irurako Kultur Mahaiko kideek.

Irurako sanmigelak iristear dauden honetan, Irurako Kultur Mahaiak oharra plazaratu du laguntza eske. Jaietarako antolatu dituzten ekitaldietan modu batera edo bestera laguntzeko prest daude herritarrek honako galdetegia bete beharko dute. «Oihalaren atzean eta aurrealdean dagoenarekin osatzen dira jaiak», esan dute mahaiko kideek.

Bide batez, gogoratu dute jaiak aukera paregabea direla emakume eta gizonen arteko berdintasunerantz urratsak emateko. Jarrera «erantzunkidea» praktikan jartzeko eskatu dute, alegia, boluntarioki egiten diren eginkizunak emakume eta gizonen artean partekatzeko jarrera aktiboa erakustea.

Bide batez jaietako hainbat ekimenetan izen emateko bideen berri eman dute jaiaren antolatzaileek:

  • Haurren bazkaria: Izena ematea 688 82 72 06 telefonora whatsapp mezua bidaliz, irailaren 16tik 23ra. Mezuan zehaztu beharrekoa: Haurraren izen abizenak, ikasketa maila eta kontakturako telefonoa.
  • Pata tortilla lehiaketak: Izena ematea galdetegia betez irailaren 16tik 23ra.
  • Herri bazkarirako txartelak: Udaletxeko harreran 10:00 – 14:00 edo Ostatuan 16:00 – 21:00 (txartelarekin ordainduz) irailaren 16tik 26ra. Ikasle, langabe eta jubilatuen txartelak soilik udaletxeko harreran.
  • Herri bazkarirako mahaien erreserba: Izena ematea galdetegia betez irailaren 16tik urriaren 1era.
  • Play back-eko parte hartzaileak: Urriaren 3an 22:00etan agertoki aurrean. Abestia mp3 formatuan USB batean eraman beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!