Memoria eta aitortza aldarrikatuko ditu Sortuk irailaren 21ean, Iruran

Ataria 2025eko irailaren 18a

2023an Ibarrako plazan egindako ekitaldiaren artxiboko irudia.

Irailaren 27an beteko dira 50 urte Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela eta Sortuk ekitaldia egingo du Iruñean egun horretan. Aurretik ordea, datorren igandean, Iruran egingo du ekitaldia eta bertan ezker abertzaleko hainbat belaunalditako kideak elkartuko dira.

Sortuk nazio ekitaldia egingo du irailaren 27an Iruñeko Anaitasuna pabiloian, frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela mende erdia beteko den egun berean, eta testuinguru horretan eskualde mailako ekitaldia ere egingo du Iruran, igandean, 12:00etan Trinketean. Sortuk esan du fusilamendu haiek, «diktadura frankistaren aurka borroka egin zuten bi gazte abertzale akabatzeaz gain, Euskal Herriaren askatasun egarria itotzea» ere bazutela helburu, «ez zuten lortu ordea». Gehitu du «gertakari haien memoriak eta orbainek oraindik bizi-bizirik» dirautela Euskal Herrian eta nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak direla. «Haatik, herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere bizi-bizirik dago. Hala iritsi da guganaino hamarkadaz hamarkada. Euskal Herria askatzera lotu gara milaka herritar, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batuz».

Hori dela eta, irailaren 27an badagoela zer oroitu eta aldarrikatu uste du Sortuk, eta Euskal Herriaren askatasun grinak bizirik eta indartsu jarraitzen duela esan du, «milaka lagunek egunero elkarrekin hauspotzen dugu, eta duela mende erdi ondo lotuta utzi nahi izan zuten korapilo hura askatzeko momentua da».

Iruñera joateko autobusak

Aipatu ospakizun eta aldarri horiekin elkartuko dira ezker abertzaleko hainbat belaunalditako kide bai Iruran eta baita Iruñean ere, eta Iruñera joateko gainera, autobusa antolatu dute. Ekitaldia Anaitasuna pabiloian izango da 17:30ean eta eskualdeko autobusa 15:30ean aterako da. Tolosako Amaiur tabernan, Villabonako Iratzar herriko tabernan edo 686 675 442 telefono zenbakian eman behar da autobuserako izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!