UTT Erronka

Stefano Rinaldi eta Irati Ortiz de Anda lehenengoak helmugan

Ataria 2025eko irailaren 13a

Laugarren egin du Xabier Mujika alkizarrak eta bera izan da eskualdeko lehena helmugaratzen bakarkako lasterketan. Lehen bikotea Amets Uzkudun eta Iñaki Olano altzotarrek osatutakoa izan da, eta lehen bikote mistoa, Noelia Lataburu eta Xabier Irazusta irurarrena.

Stefano Rinaldik irabazi du UTT Erronka. Bakarkako lasterketan italiarra izan da helmugan lehena 8.16.49 denbora eginda. Joan den astean eman zuen izena proban eta aitortu duenez eroso aritu da ultra-trail honetan. Igor Olalde eta Julen Garmendia izan dira gizonezkoen bakarkako proban haren atzetik sailkatu direnak eta Xabier Mujika alkizarrak egin du laugarren, eskualdeko onena izanik.

Emakumezkoetan Irati Ortiz de Anda bizkaitarra iritsi da lehen tokian eta haren atzetik Izaskun Sanz eta Eva Lizarralde sailkatu dira. Lizartzara iristen lehenengo emakumea Noelia Lataburu irurarra izan da; bikoteka hartu du parte Xabier Irazustarekin batera eta haiek izan dira bikote mistoetan lehendabizikoak.

Bikote ez mistoetan ere eskualdekoak gailendu dira. Amets Uzkudun eta Iñaki Olano altzotar lehengusuak izan dira Irurara iristen lehenak.

Sailkapena

  • Gizonezkoak

    1. Stefano Rinaldi (Cassano Magnago, Italia) 8.16.49
    2. Igor Olalde (Aretxabaleta) 8.41.58
    3. Julen Garmendia (Donostia) 9.10.49
  • Emakumezkoak

    1. Irati Ortiz de Anda (Lezama) 10.30.23
    2. Izaskun Sanz (Getze) 10.43.03
    3. Eva Lizarralde (Oiartzun) 10.54.38
  • Bikoteak

    1. Amets Uzkudun eta Iñaki Olano (Altzo) 7.32.26
    2. Josu Urrutia eta Iñigo Arantzamendi (Ondarroa) 7.46.25
    3. Ion Intxausti eta Arkaitz Iraeta (Azpeitia-Azkoitia) 8.03.06
  • Bikote mistoak

    1. Noelia Lataburu eta Xabier Irazusta (Irura) 9.22.26
    2. Lide Fernandez eta Unai Salinas (Donostia-Iruña) 10.48.13
    3. Ania Beltran de Otalora eta Oier Urrutia (Gasteiz-Eskoriatza) 10.51.53

Tolosaldeko lehenengo sailkatua proba luzean Xabier Mujika alkizarra izan da. Ezagunak dituen parajeetan barrena abantaila nabarmena hartu du. Zazpigarren tokian pasa da Ubeltzetik, 69 kilometroan, azkeneko kontrol gunean, eta Iruran laugarren tokian sartu da helmugan, 09.35.37ko denbora eginez.

Sari banaketa ekitaldia arratsaldean egingo dute. Parte hartzaileen artean sariak banatzearekin batera, bost saskiren zozketa egingo dute eta plazan jarritako txosna zabalik izango da iluntzera arte. 

Irurako ikastolak goizean postua jarri du plazan eta txorizo ogitartekoak saldu ditu. Elkartean 22 kilo txorizo egosi dituzte. Paella platerak eta napolitanak ere banatu dituzte, sagardoarekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!