Lau xarelari irurar Munduko Txapelketara euskal selekzioarekin

Ataria 2025eko irailaren 5a

Idoia Garaialde zinegotzia, Matxalen Mendizabal, Oier Iturbe, Mikel Uzkudun, Gorka Murua, Xuban Lopetegi eta Markel Mujika.

Markel Mujika, Matxalen Mendizabal, Oier Iturbe eta Xuban Lopetegi Ametsa Pilota elkarteko xarelari irurarrak 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketan izango dira. Elkarteko Mikel Uzkudun ariko da hautatzaile moduan.

«Irurarentzat eta Irurako Udalarentzat gaur egun berezia da», esan du Gorka Murua alkateak, udaletxean pilotariei eta hautatzaileari egindako harreran. «Argentinan 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketa jokatuko da, eta bertara lau irurar joango dira. Irurak eta xareak duten harremana aspalditik dator: 105 urte dira aurten. Eta kuriosoa da xarea praktika bera Argentinatik etorri zela Irurara, eta historia hori biribiltzen da Munduko Txapelketa honekin».

105 urte horietako bidea ez dela erraza izan gaineratu du Muruak: «Kirol berezia da, praktika txikia duena, hemen Hegoaldean leku gutxitan jokatzen dena. Iruran mantendu da eta lehenik eta behin aprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko 105 urteko harreman horrek iraun dutelako, alde batetik protagonista nagusiengatik, jokalariengatik, bai oraingoak eta bai aspaldikoak ere. Baita irakasle moduan ibili direnengatik, eta hor mugarria izan zen Ametsa Pilota Elkartea sortu zenean. Bertatik pasa diren guztiei eskerrak eman». Horrez gain Iruran xareak egiten ari direnak ere gogoan izan ditu Muruak, eta baita udal ordezkariak zein langileak ere.

Euskal selekzioaren izenean doazelako pilotariek «ordezkaritza berezia» dela esan du alkateak. «Ilusioa dute, eta baita ardura ere. Herriko ordezkaritza dute, eta baita euskal selekziorena ere, egun Euskadi maila dena. Badaude pilotariak beste lau herrialdeetan ere horrelako aukera bat izateko desioa dutenak. Zazpi probintzietako euskaldunak Euskal Herriko selekzioa babestuko luketenak, horiek ere ordezkatzen dituzte. Beraz, ez da ordezkaritza makala». Xarez jokatzen duenak «pasioz» jokatu behar duela adierazi du Muruak: «Eta nik beti esaten dut pasioz egindako gauzak nekez ateratzen direla gaizki. Ez da ibilbide erraza, ez xarearen praktikarena ezta euskal selekzioak ofizialtasuna lortu arte egindakoa ere». Bestalde, joango diren lau pilotariek Irurak gaur egun duen izaera ondo ordezkatzen dutela azaldu du: «Bi jokalariri etxetik datorkie, aitengatik, eta besteek txikitatik klubari esker bertan jokatzen hasi eta iritsi da kirol honetan goi maila horretara. Iruraren aldetik babes osoa dute, eta emaitzak emaitza, badakigu daukaten guztia emango dutela. Desio dugun bakarra da beraiek duten maila hori kantxan jartzeko aukera izatea, lesiorik ez izatea, eta Argentinan pasako dituzten egun horiek ahalik eta politenak izatea».

Une historikoa

Mikel Uzkudun irurarra eta Ametsa Pilota Elkarteko kidea da euskal selekzioko hautatzailea, eta lehenik eta behin udalari eskerrak eman dizkio: «Lau pilotari hauek euskal selekzioa ordezkatuko badute, udalaren lanari esker izan da gehienbat. Beste eragile batzuk ere atzetik ibili gara, baina udalak lan berezia egin du, laguntza berezia eskaini du, urtero hitzarmen berezi bat egiten du, eta horrengatik ez balitz izango, ziurrenik gaur egun hemen ez ginateke egongo. Bai orain udalean daudenei zein aurretik egon direnei, eskerrak eman nahi dizkiogu, baita federazioaren izenean ere».

Selekzioa prestatzeko lanak egiteko trinketa utzi diete udalak, eta hori ere eskertu du Uzkudunek. «Prestaketa ona eta duina egiteko baliatu ahal izan dugu, txapelketak berak merezi duelako. Une historikoa da Euskal Herriaren zati handi batentzat. Euskadik lehen aldiz jokatuko du ofizialki euskal pilotako Munduko Txapelketa batean. Hori ikaragarrizko lorpena da, eta horren ohorea izango dute Irurako lau pilotariek. Hori historiara pasako da».

Helburua domina lortzea da, eta Uzkudunek uste du hor ibiliko direla. «Urrea zaila da, Frantzia ordezkatuko duten Iparraldeko pilotariak direlako faboritoak. Haiek 22 urte dituzte gehienek, eta hauek 18 eta 17 urte artean dituzte. Aurtengoan urrezkoa zaila bada ere, zilarra eta brontzezko dominaren lehian izango gara. Irurako herria ahalik eta gorenen uzten saiatuko gara, eta Euskal Herria ere bai».

Matxalen Mendizabal pilotariak azaldu duenez, «ohore handi bat da Munduko Txapelketa batera jokatzera joatea. Prozesu honetan ni asko gogoratu naiz 10-12 urteko Matxalenez; gure amets handiena izan da Munduko Txapelketa bat jokatzea. Orain iritsi da momentua eta nik ilusioz eta harrotasun handiz hartzen dudan egoera bat da. Ohore handiagoa da txikitatik batera ibili garen lau pilotari Munduko Txapelketa batera joatea. Jokatzen ari gara beti batera jokatu dugunak, eta lagunartean joatea, giro horretan joatea, guretzako ohore handia da».

Oier Iturbe izan zen iaz Munduko Kopa jokatzen nagusien mailan, eta bere selekzioko kideei aholkatu die urduri ez jartzeko eta disfrutatzera ateratzeko. «Aukera badago domina lortzeko. Finalera iristeko aukera handia daukagu, eta espero dugu lortzea», zehaztu du. «Uruguai eta Argentina ez ditugu ondo ezagutzen, bakarrik internetez ikusitako bideo batzuk. Espainiako selekzioarekin jokatuko dutenen aurka urtean behin jokatzen dugu, eta ikusi dugunez, irabazteko aukera badugu beraien aurka. Konfiantzarekin gaude.»

Irailaren 14tik 20ra izango da txapelketa. 15ean hasiko dira jokatzen irurarrak, eta lau egun segidetan partidak izango dituzte. Ligaxka bat izango da, bost taldekoa, eta lehen biak zuzenean finalera sailkatuko dira. «Txapelketaren ezaugarriengatik, ezin da hutsik egin. Espainiaren aurka izango da ligaxkako azken partida eta ziurrenik hor jokatuko dugu finalerako pasea», esan du Uzkudunek. Ligaxkan hirugarren eta laugarren postuan geratuko direnak, brontzezko domina lortzeko partida jokatuko dute. Partidak Youtube bidez zuzenean ikusi ahal izango dira, eta udalak zabalduko ditu estekak norgehiagokak ikusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!