Xabier Artola, Peña Ganchegui sarietako finalean

Ataria 2025eko uztailaren 23a

Urriaren 16an iragarriko dute nor den irabazlea, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Biurtekoan.

Bosgarren edizioa dute aurten Peña Ganchegui Euskal Arkitektura Gaztea sariek, eta finalisten artean aukeratu dute Xabier Artola irurarra. Harekin batera osatuko dute finaleko hautagaien boskotea AMA estudioak, Sara Enriquezek (Lokuluxka), Borja Martinezek (Interplay) eta Mikel Ortiz de Eribek (Eintzen).

Aurten Ángel Martínez, Begoña Fernández-Shaw eta Carme Pinós adituek osatu dute epaimahaia, eta urriaren 16an iragarriko dute irabazlea, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Biurtekoaren bosgarren edizioan.

Sariaren zutabeak
Egitasmoa Peña Ganchegui Artxiboak antolatzen du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzarekin elkarlanean eta bi urtean behin egiten dute. Edizio bakoitzean 6.000 euroko saria ematen dio irabazleari, eta 10 urtetik beherako titulazioa duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza jaso duten edo bertan lan egiten duten arkitekturako profesionalei zuzenduta dago.

Sariak ez du proiektu edo lan zehatz bat balioesten, baizik eta arkitekto —edo talde— baten ibilbide profesional gaztea. Hori horrela, kontuan hartzen dituzte, besteak beste, lanen koherentzia eta sendotasuna, arkitekturaren kalitatearekiko konpromisoa, testuinguruarekiko harremana eta gizartean duten eragina, berrikuntza eta esperimentazio gaitasuna, eta lanen aurkezpenaren argitasuna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!