Irurako Udalak bi igerileku jarri ditu Trinketeko aparkalekuan urtero bezala. Igerileku ertainean sei pertsona kabitzen dira eta handian, berriz, hamabi. Uztailaren 24ra arte egongo da gunea zabalik, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 19:00etara.
Hainbat ohar eman ditu udalak igerilekuak erabiltzeko. Besteak beste, handian ezingo dira 2017. urteaz geroztik jaiotako haurrak sartu. Ume txikienek, igerileku ertainean heldu baten laguntzaz sartu beharko dira. Igerilekuan sartu aurretik derrigorrezkoa izango da dutxatzea eta txandak eta ilarak errespetatzea eskatu du udalak.
Txikizioak eremuan
Irurako Udalak jakinarazi duenez, igerilekua itxita dagoen uneetan, baimenik gabe, hainbat gaztetxo sartu dira igerilekuaren eremura eta hainbat txikizio eragin dituzte. Obrako hesiez inguratuta dago igerilekuen eremua eta udalak argi adierazia du debekatuta dagoela bertarako sarrera, zerbitzua martxan ez dagoen momentuetan.
Hainbat material apurtu ondoren, udalak dio istripuak eragiteko arriskua dagoela eta eragindako kalte hauen ondorioz gerta daitezkeen istripuen gaineko erantzukizunik ez duela onartuko.
Haur eta gaztetxoei zerbitzu bat eskaintzeko zabaltzen du uda guztietan igerilekuen eremua; sorosle profesional bat kontratatzen du eta uraren analisia, kontsumoak eta konponketak kudeatzen ditu. 8.829 euroko inbertsioa egiten du horretarako, eta udal ordezkarien hitzetan, ahalegin ekonomi «nabarmena» da.
Beraz, egoerak berdin jarraitzen badu, instalazioa itxi eta kentzera behartuta egongo dela ohartarazi du udalak. Egoera hau eragiten ari diren gaztetxeoi eta euren gurasoei elkarlanean jokatzeko eta instalazioa errespetatzeko eskatu die: «Herritartasuna eta elkarbizitza zaintzea guztion ardura da, eta horrek barne hartzen du guztionak diren baliabideak zaintzea eta beste herritarrei, batez ere txikienei, kalterik ez eragitea.
