I. Irurako Ostatua Xare Irekiak baditu txapeldunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko ekainaren 13a

Gazteen mailan, Eneko Larrañaga eta Izei Garmendia izan dira garaile; 15-10 eta 15-12 irabazi diote Adei Gibelaldek eta Mikel Satrustegik osatutako bikoteari. Helduen mailako finala, berriz, Xuban Lopetegik eta Gorka Huizik irabazi diete Enaitz Irazustari eta Oier Iturberi, hirugarren jokoan erabaki ondoren: 13-15 / 15-9 / 10-3.

Gaur jokatu dira I. Irurako Ostatua Xare Irekia txapelketako finalak, Ametsa trinketean. Bi final izan dira: gazteen mailakoa eta helduen mailakoa. 

Gazteen finalean, Eneko Larrañagak eta Izei Garmendiak osatutako bikoak, Adei Gibelalde eta Mikel Satrustegi izan ditu aurkari. Final irekia izatea aurreikusten zen, eta oso ondo aritu dira bi bikoteak. Bi jokotan erabaki bada ere, markagailuan pare-parean egon dira uneoro. Lehen jokoko azken tantoetan, hobeto aritu dira Larrañaga eta Garmendia. Bigarren jokoan ere alde handia ireki dute, baina Gibelaldek eta Satrustegik zenbait tanto egin dituzte jarraian, eta markagailuan inguratzea lortu dute. Azkenean, Larrañaga eta Garmendia izan dira garaile: 15-10 eta 15-12.

Bigarren finalean, helduen mailakoan, Xuban Lopetegik eta Gorka Huizik, Enaitz Irazustaren eta Oier Iturberen aurka jokatu dute. Ligaxkan elkarren aurka jokatu zutenean, bana amaitu zen partida. Gaur, baina, ezinezkoa zen berdinketarekin amaitzea, eta antolatzaileek hirugarren jokoa izatea espero zuten. Bada, hala gertatu da. Lehen jokoan, markagailuan askotan joan dira aurretik Lopetegi eta Huizi, baina azkenean, 13-15 irabazi dute Irazustak eta Iturbek. Bigarren jokoan ere, Lopetegi eta Huizi nagusi izan dira hasieratik, eta lortu dute aldea mantentzea; 15-9 irabazi dute. Hirugarren eta azken jokoan, gorriak izan dira nagusi, eta ez diete aukerarik eman aurkariei: 10-3.

Sari banaketa ekitaldian, Irurako Ostatuari txapel bat eman dio Ametsa Pilota Elkarteak eskertza modura, txapelketa babesteagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!