Emakumeak Xarean ekitaldia antolatu dute gaur Iruran. Xarean emakumeen partaidetza sustatzea eta haien ikusgarritasuna handitzea dela esan dute antolatzaileek, azken urteetan nabarmen jaitsi baita andrazkoen parte hartzea pilota modalitate honetan. Herriko hainbat eragileren arteko elkarlanean bultzatu dute egitasmoa: Irurako Udalaren Berdintasun eta Kultura saila, Ametsa Pilota Elkartea, Irura Moretuz taldea eta Irurako Ikastola.
Gaur eguerdian Ametsa trinketean, xarean jokatu izan duten hainbat emakumezkok erakustaldi partidak jokatu dituzte. Lau bikote aritu dira kantxan partida motzak jokatzen. Nora Galarza eta Paule Fernandezek osatutako bikoteak jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Finala Nahia Gorriti eta Janire Iturberen kontra jokatu dute eta 10 eta 8 irabazi dute Galartza eta Fernandezek.
Gainerako partida guztiak emaitza berdinarekin bukatu dira, 10 eta 9koarekin. Hirugarren tokian sailkatu dira Maider Isasa eta Naroa Mujika eta, laugarrenean, Irati Fernandez eta Uxue Iturbe.
Ondoren, neska gaztetxoak animatu dituzte xarea probatzera eta xarean jokatu ahal izateko izena nola eman daitekeen azaldu dute. Irurako Udalaren izenean Idoia Garaialde zinegotziak esan du xarea Irurako ondare kuttuna dela eta, aurrerantzean ere, euren aldetik kirol hau bultzatzeko baliabide guztiak jarriko dituztela. Gaur emakume eta neska gazteak xarera animatzeko eguna zen, eta Garaialdek eskerrak eman dizkie erakustaldian parte hartu duten pilotariei. «Hemen zaudeten gaztetxoak ere xarea probatzera animatu nahi zaituztet, zuek baitzarete etorkizuna».
Erakustaldian parte hartu duten pilotariek xarearekin izan duten esperientziaren berri eman dute bertaratutakoen aurrean eta azpimarratu dute askotan zailtasun ugari izaten dituztela kirol hau praktikatzen jarraitzeko.
Irurako Ikastolako ikasleen bertsoak entzunez eta luntxa dastatuz borobildu dute gaurko eguna.