Neskak xarean jokatzera animatu nahi dituzte

Ataria 2025eko ekainaren 5a

Hainbat eragileren artean antolatu dute ekitaldia.

Irurako Ametsa trinketean, herriko hainbat eragilek elkarlanean Emakumeak Xarean ekitaldia antolatu dute larunbat honetarako.

Emakumeak Xarean ekitaldia antolatu dute Iruran larunbat honetarako. «Ekitaldiaren helburua xarean emakumeen partaidetza sustatzea eta haien ikusgarritasuna handitzea da, azken urteetan emakumeen presentzia eta izen-emateak nabarmen jaitsi baitira», azaldu dute antolatzaileek. Herriko hainbat eragileren arteko elkarlanean bultzatu dute egitasmoa: Irurako Udalaren Berdintasun eta Kultura saila, Ametsa Pilota Elkartea, Irura Moretuz taldea eta Irurako Ikastola.

Ekitaldia 12:00etan jarriko da abian da Ametsa trinketean, eta xarean jokatu izan duten hainbat emakumezkok erakustaldi partidak jokatuko dituzte. Lau bikote ariko dira kantxan partida motzak jokatzen. Ondoren, batez ere neska gaztetxoenak animatuko dituzte xarean jokatzera probatu dezaten. 

Horren ondoren, bertso batzuk entzuteko aukera izango da, Irurako Ikastolako ikasleen eskutik. Azkenik, ekitaldiari amaiera emateko, luntxa izango da. Ekitaldian zehar, xarean jokatu ahal izateko izena nola eman daitekeen ere azalduko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!