Igandean berdez jantziko dute udaletxea

Ataria 2025eko maiatzaren 29a

Miasteniaren Nazioarteko Eguna dela eta keinua egingo du Irurako Udalak.

Ekainaren 2a Miasteniaren Nazioarteko Eguna da eta, eguna ikustarazteko, Irurako udaletxeak berdez jantziko du bere aurrealdea.

Miastenia gaixotasun neuromuskularra da, jatorri autoimmunekoa, kronikoa eta prebalentzia baxukoa. Gorputzeko borondatezko muskuluei eragiten die, eta oso nekagarria da. Neurologiako Espainiako Elkartearen arabera, 15.000 pertsona inguruk pairatzen dute gaitza estatu osoan. Gaixotasunaren adierazpideetako batzuk hauek izan daitezke: betazalak erortzea, ikusmen bikoitza, irensketa-arazoak, disfonia, ahultasuna gorputz-adarretan eta, adierazpen larrienetan, arnas muskulaturari eragiten dio.

Gaixotasunaren berri eman eta ezagutarazten laguntzeko keinu gisa, argi berdeak piztuko dituzte  udaletxean ekainaren 2an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!