Plaza oinezkoentzat bihurtzeko planari eta bizikleta bidezko mugikortasun proiektuari ekarpenak egiteko aukera

Ataria 2025eko maiatzaren 19a

Irurako plaza oinezkoentzat bihurtzeko planari eta bizikleta bidezko mugikortasun proiektuari ekarpenak egin ahal izango dizkiote herritarrek.

Joan den maiatzaren 13an egin zuten Iruran, plaza oinezkoentzat bihurtzeko proiektuaren aurkezpen publikoa. Hainbat dokumentu argitaratu dituzte udaleko webgunean, proiektuaren inguruko informazio guztia helarazteko. Hemendik aurrera ekarpenak egiteko aukera zabaldu du udalak, honako galdetegiaren bitartez.

Maiatzaren 25 baino lehen erantzun beharko da galdetegia. Udaleko webgunean edo aplikazio bidez betetzen ez dutenek, paperean egin ahal izango dute, udaletxeko harrera bulegoan eskatuta. «Denen iritzia oso garrantzitsua da plaza herritarren beharretara egokitu dadin», esan dute udal ordezkariek.

Mugikortasun plana

Horrekin batera, mugikortasun atalean hainbat lanketa egiten ari da Irurako Udala eta hor kokatzen da bizikleta bidezko mugikortasun plana. Maiatzak 7tik dago ikusgai etorkizuneko bidegorria izan daitekeenaren inguruko informazioa, herriko plazan, Trinketean eta kultur etxean. Proiektuaren inguruko informazio guztia hemen kontsultatu daiteke.

Maiatzak 15ean planaren aurkezpena egin zuten eta, orain, proiektuaren inguruan ekarpenak egiteko aukera zabaldu dute, eta horretarako, galdetegi bat prestatuta. Ekainaren 1era bitartean egin daitezke ekarpenak. Paperean bete nahi duenak udaletxeko harrera bulegora jo beharko du eta digitalki egin nahi duenak web orritik edo Irurako aplikaziotik egin dezake. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!