Irura San Migel jaietako txupinazoa botatzeko hautagaiak aurkezteko epea zabaldu dute. Proposamenak ekainaren 1era arte egin ahal izango dira. Udalak adierazi duenez, norbanakoak edo taldeak proposatu daitezke suziria botatzeko; taldeen kasuan, pertsona horiek nolabaiteko lotura eduki beharko dute elkarren artean, alegia, lanbide edo elkarte berekoak edo zaletasun bera dutenak beharko dute izan. Formulario hau beteta egin daiteke proposamena.
Bi atal izango dituzte proposamenek: txupinazoa botako duen pertsona edo taldearen izena; eta arrazoia, labur-labur idatzita. Behin proposamenak aurkezteko epea amaituta, udaleko Kultura Mahaiak azterketa egingo dut teknikoki egokiak ez diren proposamenak baztertzeko (akatsak dituelako, irizpideak betetzen ez dituelako, txupinazoa aurreko urte batean bota izan duelako…). Udalak jakinarazi duenez, «proposamen integratzaileei, errespetuan oinarritutakoei eta ahalik eta adostasun eta atxikimendu gehien sor dezaketenei» lehentasuna emanez aukeratuko dute irailaren 26an jaien hasierako txupinazoa botatzeaz arduratuko den pertsona.
Kartel lehiaketa
Udalak, bestalde, San Migel jaiak iragarriko dituen kartel ofiziala aukeratzeko lehiaketa digitala antolatu du, eta Iruran erroldatutako artista profesional zein afizionatu guztiek parte hartu ahal izango dute bertan. Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.
Kartelak formatu digitalean aurkeztu beharko dira, maiatzaren 19tik ekainaren 26ko eguerdira arte. Irabazleak 200 euroko saria jasoko du.