Ostiralean hasiko da I. Irurako Ostatua Xare Irekia

Ataria 2025eko maiatzaren 7a

Ostiralean, maiatzaren 9an, hasiko da txapelketa, Ametsa trinketean; gazteen eta nagusien mailatan jokatuko da eta finalak ekainaren 13an izango dira.

Ostiralean, maiatzaren 9an, hasi eta ekainaren 13an amaituko da Irurako Ametsa trinketean I. Irurako Ostatua Xare Irekia. Bi maila desberdinetan jokatuko da, gazteetan eta nagusietan. 

Gazteen mailan, hiru bikotek parte hartuko dute: Paule-Ur, Adei-Mikel eta Eneko-Izei. Nagusien mailan, berriz, bost bikote ariko dira: Julen-Ibai, Unai-Markel, Matxalen-Ander, Xuban-Gorka eta Oier G.-Oier I.

Lehenik, bi mailatan, ligaxka bat jokatuko dute, denek denen aurka. Gero, finalerdiak jokatuko dira. Gazteen mailan ligaxkako bikote onena finalera sailkatuko da, eta gainerako bi bikoteek finalerdia jokatuko dute. Nagusien mailan, berriz, lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du finalerdietako bat, eta bestea, bigarren eta hirugarren sailkatuen artekoa izango da.

Ostiral honetan, 17:30ean hasita, bi partida jokatuko dira Ametsa trinketean. Batetik, gazteen mailan, Paule-Ur eta Adei-Mikel bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Bestetik, maila nagusian, Julen-Ibai eta Unai-Markel bikoteek jokatuko dute elkarren aurka.

Otorduen zozketak

Irurako Ametsa Pilota Elkarteak eskerrak eman nahi dizkio Irurako Ostatuari, txapelketa babesteagatik eta xareari bultzada «estimagarria» emateagatik. Txapelketa babesteaz gain, jardunaldi bakoitzean, ostaturako bina otordu ere zozketatuko dituzte ikusleen artean. Zozketan parte hartzeko, txartelak erosi ahal izango dira trinketean bertan, euro baten truke. Saritutako zenbakia egunean bertan trinketean, Irurako Ostatuan edota Ametsa Pilota Elkartearen webgunean jakinaraziko dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!