Bi orduko saio parte hartzailea egingo dute Iruran datorren apirilaren 9an, norbere bizipenak partekatzeko espazio segurua sortuko dute, hitza eta gorputza ardatz hartuta. Leire B. Murguialdayk baieztatu du lodifobiari buruzko tailerrek ez dutela behin ere inor indiferente uzten, beraz, edozein gorputz dutela ere, gerturatzera animatu ditu irurarrak.
Nola definitzen duzu lodifobia?
Gizartean dagoen pertsona lodiekiko, eta loditasunarekiko, oro har, nazka edo errefusa, gorroto edo beldur espresioa da lodifobia. Labur esanda, diziplinazko estrategia politiko bati erantzunez pertsona lodiei lodi izate hutsagatik egiten zaien indarkeria da.
Zein alde dago presio estetikoaren eta lodifobiaren artean?
Gorputza eta gorputzaren kudeaketa politikoak dira. Gizarte bat dago non zehazten den zein den gorputz zuzena eta zein okerra, eta lodiok okerren artean sartzen gara. Begirada intersekzionaletik, gorputzen ardatz estetikoa hartuz gero, loditasuna zapaldutako ardatzean geratuko litzateke, kanon estetikoa argaltasunarekin lotuta baitago; horiek dira gorputz pribilegiatuak. Presio estetikoa, gaur egun, guztiok pairatzen dugu eta geure gorputzak kanon estetikoarekin alderatzen hasten garenean denoi eragiten digu, baina indarkeria ez. Indarkeria gorputz lodiok sufritzen dugu. Tematzen dira denak argal egon gaitezen, baina batzuk, jada, inork desio ez duen hori gara.
«Presio estetikoa guztiok pairatzen dugu, eta geure gorputzak kanon estetikoarekin alderatzen hasten garenean denoi eragiten digu, baina indarkeria ez. Indarkeria gorputz lodiok sufritzen dugu»
Nola gauzatzen da jazarpena gorputz gizenetan?
Indarkeria era askotarikoa da eta zuzenekoa edo zeharkakoa izan daiteke. Magda Piñeyrok Stop Gordofobia bere lehen liburuan erabiltzen dituen hiru ardatzi jarraituta azaltzea gustatzen zait: osasuna, moralitatea eta estetika. Osasunaren izenean gorputz-masaren indizearen arabera neurtzen da gorputz baten loditasuna, bere altuera kontuan hartuta izan behar duen masaren arabera, alegia. Osasunaren ikuspegi hegemonikotik indartu egiten da dikotomia bat: gorputz argalak osasuntsuak, kirolariak, haien burua zaintzen dutenak dira; eta, aitzitik, gorputz lodiak dira gaixoak, nagiak eta utzikerian erortzen direnak. Baztertu egiten da, erabat, osasunaren ikuspegi holistikoa. Indarkeria tresna horien artean ez daude soilik dietak, badira azkenaldian gailentzen ari diren gosea murrizteko ebakuntzak edota Ozempic bezalako botikak ere.
«Indarkeria tresnen artean ez daude soilik dietak, badira azkenaldian gailentzen diren gosea murrizteko ebakuntzak edota Ozempic bezalako botikak ere»
Zerbait txarra bezala ikusten da loditasuna?
Bai. Moralitatearen ardatzari lotuta hori ikusten dugu. Bere burua maite duenak bere burua zaindu behar duenaren ideia indartzen da, eta horrelakoetan erraza da argaldu beharrari buruzko iruzkin eta bestelako indarkeria sotilak egitea; beti egiten dira horrelako komentarioak aldamenean dugunaren ‘hobe beharrez’, eta beti, pertsona horrek bere gorputzarekiko duen harremanaren gainetik. Kontu handia izan behar dugu zaintzaren izenean egiten dugun jazarpenarekin, ikusezinagoa baita eta afektiboki eragin izugarria duelako. Lodifobia da, esate baterako, hezkuntza nutrizionala gomendatzea, soilik, lodiei.
Eta estetikari dagokionez, nola gauzatzen da indarkeria?
Argaltasunaren industria kontzeptua ekarri nahi nuke hizpidera. Zenbat diru, energia eta denbora eskaintzen diogu gizarte honetan gutxiago okupatzeari? Skin-care, crossfit, nutrizionistak, dietistak, gimnasioak, auto-zaintzari egiten zaion etengabeko apologia, influencer argal perfektuak, erreferentzia falta… Kapitalismoarentzat negozio izugarria gara.
Ikusezinak dira gorputz lodiak?
Erreferente lodiak ez daude telebistako kanal nagusietan ezta pelikula famatuenetan ere; ez dira agertzen ez bada, lodi-arazoak dituen lodiarena egiteko edo loditasunari aurre egiteko zerbait iragartzeko. Gorputz lodiak ikusarazten dira, desio ez duguna edo ekidin beharrekoa erakusteko, beste ezertarako ez. Behin ere ez dira agertzen erabakigune garrantzitsuetan, enpresetako edo herri mugimenduetako buru edota lehendakari bezala.
Dena den, ironikoa da etengabe gehiegi okupatzen dutelako indarkeria jasaten duten gorputzak ikusezinak direla esatea. Zorionez, gaur egun, lodi erreferente kritiko batzuei esker, gero eta ikusgarriagoak diren gorputz eta diskurtsoak gailentzen dira, batez ere sare sozialetan, baina baita herri mugimenduetan ere.
Generoa nola gurutzatzen da zapalkuntza honekin?
Berriro ere intersekzionalitatearen ikuspegia ezinbestekoa zaigu hemen: zapalkuntzen arteko gurutzaketa ematen dela ukaezina da. Izatez, kolonialismoaren eta arrazismoaren oinarri sendoak ditu lodifobiak, eta hauekin eta generoaz besteko gainerako zapalkuntzekin ere gurutzatzen da: androzentrismoarekin, kapazitismoarekin, heteronormarekin, klasismoarekin, eurozentrismoarekin… Nabarmena da lodifobiak generoarekin duen gurutzaketa: emakume eta gorputz-identitate disidenteok askoz era larriagoan pairatzen dugu osasunari, moralitateari eta estetikari lotutako normaren inposizioak eta, hortaz, baita indarkeria ere.
«Emakume eta gorputz-identitate disidenteok askoz era larriagoan pairatzen dugu osasunari, moralitateari eta estetikari lotutako normaren inposizioa eta, hortaz, baita indarkeria ere»

Aspaldi irakurri nuena datorkit gogora: kapitalismoari interesatzen zaio bere gorputzaz arduratu eta bere gorputzarekin gatazkan dagoen bitartean gizarteaz kezkatuko ez den emakumea. Eta hor dago lodifobiaren tranpa handiena, kulpa eta indibidualismoaren sustapena.
Auzi hau indibidualizatzeko joera dago?
Noski, loditasuna osasun faltarekin lotzen den unetik ez da egitura sozial oso batek eragiten duen indarkeria bezala irakurtzen eta horretaz baliatzen da sistema bera ere, norbanakoan erantzukizuna jarri eta indarkeria horren bestelako forma batzuk sortzen jarraitzeko.
Kolektiboki nola egin ahal zaio aurre lodifobiari?
Lodifobiaz hitz egiterakoan zapalkuntza estrategia politiko baten aurrean gaudela ulertzen badugu, aurre egiteko estrategiak ezinbestean kolektiboak beharko dute izan. Lodifobiarekiko diskurtso kritikoa garatzea eta hau sustatzea oso garrantzitsua iruditzen zait eta horretan jarriko dugu fokua tailerrean. Norbere bizipenekin konektatuz egunerokotasunean dauden indarkeriak identifikatuko ditugu eta erresistentzia estrategia kolektiboak sortu, zapalkuntza sistema bati ezin baitzaio norbanako gisa aurre egin. Erreferenteak partekatu, diskurtsoak landu, begiradak zabaldu eta zorroztu… horiek izango dira taldean egingo ditugun gauzetako batzuk.
«Dauden indarkeriak identifikatuko ditugu eta erresistentzia estrategia kolektiboak sortu, zapalkuntza sistema bati ezin baitzaio norbanako gisa aurre egin»
Nolako metodologia jarraituko duzu Irurako tailerrean?
Ez dut asko aurreratu nahi. Batez ere garrantzitsua egiten zait jakinaraztea gure tailer guztietako metodologia parte hartzailea izaten dela eta honek norbere bizipenetan arreta jarri eta sakontzera eramaten gaituela. Banakako ariketez gain talde-dinamikak ere egingo ditugu, esperientziak erakutsi digulako taldearen eraldaketarako indarra izugarria dela; hori da talde-tailerren berezitasun handiena. Gure tailerretan osasunaren ikuspegi holistikoa sustatzen dugu: buru-gorputz bat garela sustatuz eta indarkeriak osatzeko ikuspegi transfeministatik eta psikosozialetik lan eginez.
Irudiak: @ezinkabitu kolektiboa
