Irurako Udalak begiraleak kontratatuko ditu antolatuko dituen Goiza pasa 2025 udaleku irekietarako, ekainaren 30etik uztailaren 24ra. Izena ematen duten haur eta nerabeen kopuruaren arabera, baldintzak alda daitezke ohartarazi du udalak.
Deialdiaren oinarriak GAOn eta Irurako Udaleko web orrialdean topatuko dituzte interesatuek eta bertan ikus daitezke kontutan hartu eta baloratuko diren puntuak –titulazioa, ikasketak, lan eskarmentua, euskara maila egiaztatzen duen agiria, besteak beste–.
Interesatuek eskaera, martxoaren 27tik apirilaren 28ra, egoitza elektronikotik aurkeztu behar dute. Begirale izateko eskaera egitearekin batera, derrigorrezko dokumentuak eta merituak baloratzeko agiriak egoitza elektronikoko S/I Erregistrotik aurkeztu beharko dira.
Hautaketa prozesuan, merituak baloratzeaz gain, talde dinamika bat egingo dute. Dinamika hauetarako parte hartzaileen ordutegia apirilaren 29an argitaratuko da udalaren web orrian, eta maiatzaren 5ean eta 9an egingo dira.
Hezitzaile lanetarako kontratatua izateko, beste baldintza batzuez gain, ezinbesteko izango da 16 urte izatea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza tituluaren jabe izatea, euskaraz jakitea, natura sexualeko delituenganako aurrekari penalik ez izatea eta prestaketa asteburuan parte hartzea. Prestaketa asteburua maiatzaren 30 eta 31n izango dela aurreratu dute udaletik.
Aurten, aisialdiko begirale titulua lortzeko lehen praktikak burutu nahi dituztenentzat, gehienez lau plaza eskainiko dira eta eskaera, matxoaren 27tik apirilaren 28ra egin beharko da, udaleko egoitza elektronikotik, baita ere.