Irurako Babes Zibileko taldeak bere jarduna utziko du

Ataria 2025eko martxoaren 26a

Irurako Babes Zibileko kideak pandemia garaian herriko plazan.

Adinean aurrera doazela eta, orain arteko boluntarioek ez dute euren burua jarraitzeko moduan ikusten. Udalak, aurrerago, taldea eraberritzeko deialdi irekia egingo du.

2013tik Irurako Babes Zibileko taldean ibili den taldeak dimisioa aurkeztu berri du. Kideek 60 urte inguru dituzte eta adierazi dutenez larrialdi egoera bati erantzuteko beharrezkoa diren ahalmenak ez dizkietela ikusten euren buruari, behin adin horretara iritsita. Udalak Irurako Babes Zibileko taldea eraberritzeko deialdi irekia egingo du aurrerago.

Dozena bat urtetan lanean aritu dira Jose De Dios Cordobes, Antxon Gutierrez Galvez, Xabier Karrera Jauregi, Jokin Lasa Salaberria, Ascensio Iturbe Iradi, Mikel Mendizabal Zabaleta eta Joxi Lasa Arsuaga. Boluntario gisa ibili dira herriko babesa nahiz segurtasuna bermatzeko. Besteak beste, taldeak okasio hauetan eskaini du zerbitzua: Eguberrietako kalejiretan –Olentzero eta Erregeak–; kirol probetan –Herri krosa, patinaje lasterketa, T3T mendi lasterketa, txirrindulari probak–; Loatzo musika eskolaren ekitaldietan –Kaldereroak, Xixili eguna–; eta San Migel jaietan –herrian izaten diren kalejiretan–. Gainera, COVID-19 garaian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde eguna prestatzen ere lagundu zuten.

Irurako Udalak eskertu du urteotan Babes Zibileko kideek, eta bereziki, Joxi Lasa arduradunak egin duten lana. 

Joxi Lasa Babes Zibileko arduraduna 2017an, festetako txupinazoa bota bezperatan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!