Lodifobiari aurre egiteko tailerra antolatu dute Iruran

Ataria 2025eko martxoaren 19a

Doakoa izango da tailerra, baina aurrez eman beharko da izena. Emuna Aüka Koop. Elk. Txikiko sortzaile den Leire B. Murguialday psikologoak gidatuko du saioa.

Irura Moretuz talde feministak lodifobiari aurre egiteko tailerra antolatu du, apirilaren 9an, asteazkenarekin udaletxeko ganbaran, 17:30etik 20:00etara. Gorpuztutako indarkeria lodifoboei aurre egiteko estrategiak lantzeko tailerra izango da eta Leire B. Murguialday psikologoak emango du. Doakoa izango da tailerra baina martxoaren 28a baino lehen eman beharko da izena.

Irurako talde feministatik aipatu dutenez, «gorputzen aurkako indarkeria-eredua ulertzen eta identifikatzen lagunduko digu, lodifobiak gure osasunean eta ongizatean duen eragina aztertuz». Bi orduko saio parte hartzailea izango da, norbere bizipenak partekatzeko espazio segurua sortuko dute, hitza eta gorputza ardatz hartuta.

Emuna Aüka Koop. Elk. Txikiko zuzendaria da Murguialday eta arteterapiaren baliabideak erabiliz, kolektiboki erresistentzia-estrategiak garatuko ditu, lodifobiari modu indibidualean zein kolektiboan aurre egiteko tresnak eskuratzeko.

Elkar zaindu eta indartzeko gune horretan parte hartzeko gonbita luzatu dute Irura Moretuz taldetik. 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute, eta gehiagok izena ematen badute zozketa egin beharko dute. Martxoaren 28a da izena emateko azken eguna.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!