Irurako Ostatuaren inguruko iritzi ona dute herritarrek

Ataria 2025eko martxoaren 19a

Irurako Udalak banatutako galdetegiari erantzun diote herritarrek otsailean eta emaitzen berri eman du orain. 

Urtea bete da Irurako Ostatua martxan jarri zenetik eta, zerbitzuaren inguruan balorazio eta proposamenak jasotzeko, galdetegia zabaldu du udalak otsailean. Denera, 164 herritarrek parte hartu dute inkestan eta udalaren esanetan, «oso onak» dira jasotako emaitzak; 1etik 5erako eskalan, inkestatuek galderarik gehienetan 4ko edo 5eko puntuazioarekin baloratu baitute ostatua.

Esate baterako, herritarrek «oso ongi» irizten diote azpiegiturari eta baita honen mantenuari ere –% 58k puntuazio gorena eman diote arlo honetan, eta % 34ak 4ko puntuazioa–. Are emaitza hobea ematen diote Irurako Ostatuan ematen den zerbitzuari, lautik hiruk «oso ongi» dagoela diote. Eskaintza, ordutegia eta bertan antolatzen diren kultur emanaldiak ere begi onez ikusten dituzte erabiltzaileek.

Galdetegiari erantzun dioten hamarretik zazpi emakumeak dira eta hiru, berriz, gizonezkoak. Batez ere, 41 eta 60 urte arteko herritarrek erantzun diete udaletik proposatutako galderei.

Emaitzak jakinarazteko orduan, udalak esan du herritarrekin batera sortutako proiektu honek ibilbide motza badu ere, «handia» izan dela herrian izan duen eragina. Behin emaitzak jakinda, Irurako Ostatuko arduradunekin baloratuko ditu udalak galdetegian jasotako proposamen zehatzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!