Oinezkoentzat segurtasuna eta herriarentzat espazio lasaiak irabazteko egokitzapen lanak hasiko dituzte aurten Irurako plazan: aparkalekuak kendu, hilerrirako eta goiko auzoetarako pasabideak egokitu eta kota berdinean jarriko dute lurzorua. Inbertsio «handia» eskatuko duten lanak izango direla nabarmendu du Gorka Murua alkateak eta aurreratu du aurtengo aurrekontuan diru sail bat gorde arren, gastu guztiari aurre egiteko erakunde ezberdinetan laguntzak eskatuko dituztela. Proiektua idazketa prozesuan dago orain, eta behin lanak esleituta, obrekin urrian hasi nahi dute, herriko jaien ondoren.
Plaza oinezkoentzat atontzea izango da aurtengo inbertsio nagusia eta jasota geratuko da 2.854.362 euroko aurrekontuan. EH Bilduk egindako proposamenari EAJk ekarpen batzuk txertatuta, bi alderdien aldeko botoarekin onartu dute aurtengoa. «Zuhurtziaz eta errealismoz» aritu direla aipatu du Muruak eta iazko sarrera eta gastuak hartu dituztela kontuan aurtengo aurrekontua diseinatzerakoan.
Besteak beste, iazko Irurako Plan Estrategikoa 2024-2034 dokumentuan jasotako erronketako bati helduko dio aurten udalak: Irurara bizitzera datozenentzat herri mailako harrera bat prestatu nahi dute eta zeregin horretan ariko da udalean hasi berri den gizarte langilea. Bide batez, haur, nerabe eta gazteentzako zerbitzuak kudeatzeko kanpoko enpresa bat kontratatu du aurten udalak. Ludoteka eta gaztelekua eta udan egiten duten Goiz Pasa udaleku irekia kudeatuko ditu enpresak eta udalak 46.000 euro erabiliko ditu kontratazio horretarako.
Zaintza da legealdiko ardatzetako bat Iruran eta egoeraren inguruko diagnostikoa egiteko iaz deitutako bekaren emaitzak apiril inguruan jakingo dituzte. «Alde batetik, emaitza horiek ezagutarazi egin beharko ditugu herrian eta, bestetik, ekintza plan bat diseinatu beharko dugu bertan jasotako ondorioetan oinarrituta». Zeregin horietarako 8.000 euro gordeko dituztela aipatu du Muruak eta zehaztu du aurten Berdintasun sailaren aurrekontua iaz baino %5 handiagoa izango dela. Euskara sailekoa ere igo egingo dute aurten, %7: «Elkarteei ematen zaizkien laguntzak eta euskara ikasten ari direnentzat bideratutakoak handituko ditugu».
Inbertsioak Hirigintzan
Herriko plaza oinezkoentzat egokitzearekin batera, Irurako Udalak aurten jarraituko du 2020ko Irisgarritasun Planean aurreikusitako ekintzak gauzatzen eta 30.000 euro erabiliko ditu hainbat lan egiteko. Horrekin batera, Atxupi plazako lurzorua egokitzeko 10.500 euro gorde ditu aurtengo aurrekontuan eta herriko bigarren komun publikoak egiteko beste 60.000 euro gastatuko ditu. Etxezarreta kalearen aldamenean, Ibai-Gain pasealekuan jarriko dute komun publiko berria.
Guztira 305.000 euro baliatuko dituzte inbertsioetarako eta zati bat, 20.000 euro, frontoiaren eskuineko horma aldatzeko baliatuko dute. Kristalezkoa da, eta materialak arazoak ematen dituenez, aldatzea erabaki dute. Bestalde, Anoetako eta Irurako udalek kale lanetarako orga jasotzaile bat erosiko dute elkarrekin, eta Irurak horretarako 12.000 euroko ekarpena egingo du. Hondakinen kudeaketarako konpostagailuak ere zahartu zaizkiela aitortu du alkateak eta horiek berritzen 6.100 euro gastatuko dituztela adierazi du.
Herriko lursailak digitalki mugatzeko lanak hasiko ditu udalak 2025ean Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntza baliatuta eta, baso planari lantzeari ere ekingo dio aurten, aldundiak horretarako gordetako poltsa erabilita. Iazko euriteen ondorioz herrian izandako lur-jauzi bat ere konponduko dute inbertsioetarako gordetako diruarekin.
Bideak eta errepideak dira erronka nagusietako bat Iruran, eta nagusiki, herrian dabilen trafiko ugariak sortzen dituen arazoei aurre egin nahian dabiltza aspaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak Iruran egindako azterketan oinarrituta, aurreproiektua landu zuen iaz, eta erantzunaren zain dago orain udala.
Mugikortasunari begira, ari dira Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorria eraikitzen; Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bideratu ditu lanak eta urtea amaitu aurretik bukatu nahi dituzte. Irurako Udalak, bere aldetik, herri barruko bidegorri sarea egiteko 20.000 euro gorde ditu aurrekontuan.
Azpiegiturak osatuta
Azpiegiturei begiratuta, alkateak esan du momentuz aseta daudela herrian dituzten beharrak, aurreko legealdiko parte hartze prozesua amaituta, erabilera anitzeko gela moldatu zuten haurtzaindegi gainean, Irurako Ostatua zabaldu eta udaletxea berritu. «Ostatua zabaldu eta urtebetera galdetegi bat pasa diegu herritarrei euren asebetetze maila zenbatekoa den jakiteko. Ikusiko dugu emaitzak zer dioten baina guk jendea oso gustura sumatzen dugu, bizitasun handia eman dio herriari eta adin ezberdineko herritarrentzat biltoki ederra da», esan du alkateak.
Udaletxean egindako lanak finantzatzeko udalak mailegua eskatu zuen arren, kontuak «orekatuta» dauzkatela aipatu du Muruak, eta aurrerantzean herrian dituzten erronkei aurre egiteko moduan izango direla.