UTT Erronka

UTT erronka: lasterketa handi bat herri txikiei begira

Ataria 2025eko otsailaren 15a

Iruran aurkeztu dute gaur irailaren 13an egingo duten UTT Ultra Trail Tolosaldea lasterketa; 77 kilometroko karrera izango da eta, 11 tontor zeharkatuz, eskualdeko 8 herritatik pasako da. ATARIAk erronka babestuko du.

Tolosaldea Ultra Trail Erronka aurkeztu dute gaur Iruran, herri horretan hasi eta bukatuko baita lasterketa datorren irailaren 13an. Irurarekin batera, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Lizartza, Altzo, Alegia eta Albiztur herriak zeharkatuko ditu eta Loatzo, Uzturre, Belabieta, Urdelar, San Lorentzo, Ipuliño, Erroizpe, Otsabio, Intxurre, Ubeltz eta Herniozabal tontorretatik pasako da. 77,31 kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek: 9.200 metroko desnibel pilatua, horietatik 4.600, maldan gora.

Lasterketa bakarka edo erreleboka egin ahal izango dute parte hartzaileek eta UTT Erronka Euskal Herriko Koparako puntuagarria izango da –finala Iruran jokatuko da–. Alegiako Intxurre kirol elkartea dago antolatzaileen artean eta Euskal Herriko Mendizale Federazioaren babesa du probak. Mireia Triguerosek hitz egin du federazioaren izenean: «Apustu handia egin dugu lasterketa honen alde eta beharrezko laguntza emango diegu antolatzaileei. Proba hauek egiten diren ingurune naturala errespetatzea da gure ahaleginetako bat. Gure mendizaleen balioak transmititzen saiatuko gara: ahalegina, errespetua eta mendiarekiko maitasuna».

David Santos Delgadoren oroimenezkoa

Antolatzaileek mota honetako lasterketa bat antolatzeko ideia nondik datorren azaldu nahi izan dute aurkezpen ekitaldian: «Tolosaldeko herri eta mendiak lotzeko lasterketa bat antolatzeko ideia izan zuen David Santos Delgadok, baina bertan behera utzi behar izan zuen pandemiagatik. Zoritxarrez, handik gutxira, 2022an, mendiko eskia egiten ari zela istripu larria izan zuen eta hil egin zen». Haren lagunek ideia berreskuratu eta hasiera batean martxa zena, ultradistantziako lasterketa batean bihurtu dute. Santos Delgadoren oroimenez egingo dute irailaren 13ko karrera.

Haren gurasoak izan dira gaurko aurkezpen ekitaldian eta euren hitzartzean semearen kirolzaletasuna nabarmendu dute. «Tematu, jarraitu eta behin ere ez etsi. Hori zen Davidek bere helburuak lortzeko zuen modua», esan du lasterkari zenaren aitak. Ingurukoek estimu handitan zutela aipatu dute gurasoek eta haientzat poz handia dela ikustea nola eman dituen fruituak semeak egin zituen lanak.

Filosofia argia du UTTak: Tolosaldean ezezagunak diren mendi eta herriak ezagutarazi eta elkarrekin lotzea. Horregatik, eskualdeko udalek begi onez ikusi dute lasterketaren antolakuntza. Idoia Garaialde Irurako zinegotziak aipatu du herri txikiei ikusgarritasuna emango diela proba honek eta, euren kasuan, erronka suposatuko diela probarako herria prestatzea, hain justu, festen atarian izango baita. Regina Sorarrain Alegiako alkateak, berriz, balioa eman nahi izan die herri txikietan kirol elkarteek egiten duten lanari. UTT Erronka puntuagarria izango da Euskal Herriko Kopan, besteak beste, Alegiako Intxurre elkarteak hartu duen konpromisoagatik. «Orain arte herri handiei begira antolatzen ziren horrelakoak, eta oraingo honetan, karrera handi bat herri txikiei begira antolatu da. Herri txikiak bagarela adierazteko modu bat izango da».

ATARIAren babesletza

ATARIA probaren eskualdeko hedabide babeslea izango da, eta bi sari banatuko ditu. Batetik, Ataria saria eskualdeko lehen emakume eta gizonarentzat: 100 euroko balioa duen saria eta ATARIA-ren produktu sorta bakoitzarentzat. Bestetik, Ataria saria erreleboetako eskualdeko lehen bikotearentzat: 120 euroko balioa duen saria eta ATARIA-ren produktu sorta.

Horretaz gain, ATARIA-k probaren atal berezia sortu du eta bertan bilduko du UTT Erronkaren harira jasotako informazio guztia. Lasterketaren egunean ere, jarraipen berezia egingo du eskualdeko komunikabideak.

ATARIA-ko kudeatzaile Eider Aierbek aurkezpen ekitaldian azpimarratu du UTT Erronkako antolatzaileek egiten ari diren lana, eta esan du eskualdeko euskarazko komunikabideak bat egiten duela lasterketako helburuetako batekin, «eskualdeko herri txikiak lotzearekin».

Berria eta Noticias de Gipuzkoa egunkariek ere babesten dute erronka eta baita beste hainbat eragilek ere: Oria Spor Wear enpresak, Tolosaldea Turismok, Laboral Kutxak edota HCA zerbitzuak-ek, esate baterako.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!