Aparkalekuekin jokabide arduratsua eskatu du udalak

Ataria 2025eko urtarrilaren 29a

Esku orri bat banatu dute herritarren artean, aparkalekuen inguruko gomendio eta betebeharrak gogoratuz.

Irurako Udalak eskuorri bat prestatu du zenbait argibide eman eta gomendio batzuk zabaltzeko. Zenbait herritarrek agertutako kezka eta haserreari erantzun nahi izan dio udalak.

Hainbat herritarrek kezka azaldu du herrian aparkatzeko leku gutxi dagoelako. Udalak herriko ibilgailuen errolda eta aparkatzeko lekuak aztertu ditu eta aparkatzeko nahiko leku dagoela esan du. Honenbestez, ondorioztatu du herritar batzuk ez dituztela garajeak erabiltzen. Horretarako eraikitako espazioak direnez, ibilgailuak garajean sartzeko eskatu du udalak.

Beste zenbait herritar haserre azaldu dira herriko kaleetan autokarabanak eta antzekoak ugari ari direlako eta beste ibilgailuei tokia kentzen dietelako. Udalak jakinarazi duenez, 3.500 kilo edo gutxiagoko pisua duten turismoen sailkapen berdinean sartzen dira autokarabana eta antzeko ibilgailuak eta, beraz, Trafiko Araudiaren arabera, eskubide berdina dute herriko kaleetan aparkatzeko, betiere, ez badute oztoporik sortzen. Autokarabanak edota furgonetak, beraz, modu egokian aparkatzeko eskatu du udalak. «Beti leku berean aparkatzeko erabiltzen diren trikimailuak, plaza hori pribatu bezala erabiliz, legez kanpokoak ez badira ere, ez dira egokiak bizikidetzarako».

Udala autokarabanentzako aparkalekua eraikitzeko gune baten bila dabilela esan du. Udal jabetzako lursailek ez dute horretarako aukerarik ematen eta lursail pribatu bat behar da horretarako.

Gomendioak esku orrian

Bide batez, herritarren artean banatutako esku orrian, gogorarazi dute debekatuta dagoela espaloi eta oinezkoen guneetan aparkatzea, «oinezkoen segurtasuna arriskuan jartzen du, kasu batzuetan errepidean sartzera behartuz eta, gainera, zorua hondatu egiten da». 10 minutuko aparkalekuak errespetatzeko ere eskatu dute udaletik, inguruko komertzioetan erosketa egin ahal izateko pentsatuta baitaude.

Irura herri txikia da eta bertako ibilbideetan oinez edo bizikletaz mugitzeko gomendioa luzatu dute. «Osasuntsuagoa da eta ingurumenak eskertuko digu. Heldua bazara eta bizikleta edo patinete elektrikoaren erabiltzaile, errepidean barrena ibili, espaloiak oinezkoentzat dira eta».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!