ELKARRIZKETA

«Pentsatu nuen ez nuela proba gainditu»

Aitor Arroyo Askarai 2025ko urt. 12a, 16:58

Markel Perez Etxarri perkusio jotzaile irurarra. A.A.A.

Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoan perkusio jotzaile izateko proba gainditu zuen, abenduan, Markel Perez Etxarrik; beste hainbat orkestratan ere aritu da irurarra.

Loatzo musika eskolan hasi zen Markel Perez Etxarri (Irura, 2003) musikari erritmoa hartzen. Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan jarraitu, Musikenen sendotu eta, gaur egun, Hagako (Herbehereak) kontserbatorioan ari da masterra egiten. Musika ikasketez harago, hainbat gazte orkestratan ere aritu da jotzen, besteak beste, Austrian, Espainian eta Europan. Joan den abenduan Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoan perkusio jotzaile izateko proba gainditu zuen eta igandean joango da bertara. Bidaiatu aurretik hitz egin du orain arteko ibilbideaz eta azken hautaketa prozesuaz.

 

Duela bi urte Austriako Gustav Mahler Jugendorchester gazte orkestran aritu zinen. Zer ikasi zenuen han?

Gauza asko jaso nituen. Batetik, asko ikasi nuen, zentzu positiboan; eta, bestetik, zer ez zaidan gustatzen ere ikasi nuen. Perkusio jotzaile asko bildu ginen topaketa hartan eta aukera izan nuen ikusteko zein gustatzen zitzaidan gehiago, zein gutxiago... Eta berdin egin nahi ditudan gauzekin.

Beste hainbatekin harremana egiteko aukera ere izan nuen, eta hori beti da aberasgarria. Bertan elkartu ginen taldetik gaur egun hainbat orkestratan hartzen dute parte kideek. Eta esan gabe doa, maila horretako orkestra batean, halako zuzendariekin eta... bertan ikasten duzuna ezin da hitzez azaldu.

Eta non eman dituzu hurrengo pausoak?

Bada, urte hartan JONDEko [gazteleraz Espainiako Gazte Orkestra Nazionala] probak izan ziren eta poltsan sartzea lortu nuen, lehen postuan. Horrek aukera eman dit orkestra horrekin hainbat programa interpretatzeko, jende gehiago ezagutzeko eta askoz gehiago ikasteko.

 

Garai berean izan ziren Amsterdameko probak ere. Hura ez nuen hain ondo egin, baina finalera iritsi nintzen behintzat; eta nahiko pozik geratu nintzen, ez bainuen asko prestatu.

Horren ondotik elkarlanerako aukera bat atera zitzaidan JONDEren eskutik, Mediterraneoko Gazte Orkestrarekin. Uda nahiko gogorra izan zen. Musikenean, azken urtean, ere lanpetuta ibili naiz, baina jarraitu dut sarrera probak egiten eta Europako Gazte Orkestran sartzea lortu nuen. Orkestra horrekin aurten egin dugu bira eta lehenengo Belgikan egon ginen, udan Austrian, eta baita Italian, eta New Yorken ere. Horrek, aldi berean, zuzendari eta jende berri asko ezagutzeko aukera eman dit.

Hori gutxi ez, eta bestelako proiekturik ere baduzu esku artean, ezta?

Mahler orkestran elkartu nintzen musikari batekin duoan aritu naiz, eta joan den urtean froga egin genuen masterra egiteko Herbehereetan, Hagako kontserbatorioan. Horrez gain, Musikenean ohiko azterketa eta emanaldia izan genituen, eta 10eko nota eskuratu nuen.

Ohikoa al da 22 urterekin orkestra horietan guztietan aritzea?

Ohikoa ez. Mahlerren, adibidez, gazteena nintzen eta JONDEn ere gazteenetakoa naiz. Orkestraren batean parte hartzea ohikoa da, baina ezohikoagoa da hainbestetan aritzea.

Dena dela, horrelako lekuetan ez da ezohikoa haur dohainduren bat topatzea. Mahlerren hori ez da hain ohikoa, haien aukeratzeko irizpideengatik: balio handiagoa ematen diote esperientziari, eta horrek eragiten du orkestraren soinuan. EUYOn [ingelesez Europar Batasuneko Gazte Orkestra], berriz, jende oso ezberdina topa daiteke atal bakoitzaren barruan. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu.

Bateragarria al da guztietan parte hartzea?

Bai eta ez. Hori guztia egin nahi baduzu jabetu behar zara horrek esfortzu handia eskatzen duela; lan erritmo handian aritu behar zara. Eta egutegiek ere elkar zapaltzen dute: orain JONDErekin topaketa batzuetan hartu behar nuen parte eta ezin izan dut joan Kanarietako probengatik. Europakoarekin joan nintzenean JONDEri ezetz esan nion...

Aukeratu egin behar duzu beti, eta erabaki zer datorkizun ondoen momentu horretan: maila altuagoan aritu nahi baduzu, gehiago ikasi beharko duzu... Eta gauza gehiagok ere eragiten dute: zein zuzendari arituko diren, zein errepertorio... Aurten nik EUYO aukeratu nuen zuzendari oso onak zituelako, errepertorio erakargarria eta, gainera, biraren barruan Amerikako Estatu Batuetara joateko aukera ere ematen zuelako. Pena eman zidan, JONDEri ezetz esateak, baina baten bat aukeratu behar da beti.

Orain gutxi, berriz, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikorako perkusio jotzaile proba gainditu duzu. Nolakoa izan da?

Hautaketa prozesu hauetan hainbat fase egoten dira. Lehen fasean bideo bat eskatzen dute, edo curriculum bidez egiten dute galbahea: 25 inguru aukeratu zituzten. Horren ondoren, gortina baten atzean jo behar genuen; eta hortik zazpi pasa ginen. Sei bat pasarte eskatu zizkiguten: kaxa, xilofonoa, lira, bonboa txindata batekin, pandereta eta txindatak. Denbora gehiagoz jotzen uztea keinu ona izaten da, entzuten jarraitu nahi dutenaren seinale; eta ohartu nintzen nire aurreko pare bat luze aritu zirela jotzen.

Eta jotzen azkena zu izan zinen.

Hori da, azkena nintzen zerrendan. Jotzen hasi nintzenean lehen bi pasarteak egin eta hirugarrena hasi berritan moztu ninduten. Pentsatu nuen ez nuela proba gainditu, baina, azkenean, kontrakoa zen: berehala erabaki zuten pasatzea nahi zutela. Ondoren, gortinarik gabe jo genuen eta hor esan ziguten nor pasatzen zen hirugarren fasera. Azken fase horretara bakarrik pasa naiz, eta orkestrarekin bi programa interpretatu behar ditut. Sistema egokia da, aztertzen baitute ondo moldatzen garen bakarka zein taldean. Zuzendari titularrarekin ariko naiz, eta sei hilabeteko tarte bat dute azken erabakia hartzeko. Azken fase hori ez dute orkestra guztietan egiten.

Emaitza sorpresaz hartu zenuela aipatu zenuen.

 

Nire lehen proba profesionala zen; eta prestatu banuen ere, helburua ez zen irabaztea. Buruan gehiago nuen entrenatzea, pixka bat giroa ezagutzea eta helduagoa naizenerako prestatzea. Finalera iristea zen nire helbururik handiena. Baina irabazi dudala-eta pozik nago egia esan.

«[Kanaria Handiko probari buruz] Nire lehen proba profesionala zen; eta prestatu banuen ere, helburua ez zen irabaztea»

Nola sentitzen zara azken fase horri begira?

Erabateko konfiantza izatea ezinezkoa da, beti baitaukazu ezezkoaren aukera. Jende guztiak esaten dit ez dela ohikoa ez hartzea behin horraino iritsita, baina urduritasun puntu hori mantentzen dut. Konfiantza ere sentitzen dut, hainbat gazte orkestretan aritu ondoren esperientzia pixka bat behintzat bildu baitut. Gainera, interpretatuko ditugun bi obrak aurretik landu ditut orkestran, beraz, horrek ere ematen dit konfiantza pixka bat gehiago.

Kontatzen duzunaren arabera, inguru lehiakor samarra ematen du.

 

Bai, baina beste inguru askotan bezala lehia osasuntsua izan daiteke edo ez. Nik, zortez, inguruan lehia osasuntsua izan dut, orokorrean. Baten bat izan da kontrako jarrerarekin, baina... Kanarietan, adibidez, nire duoko bikotea ere aurkezten zen. Bata besteari aritu gara proposamenak egiten eta... Zentzu osasuntsuan lehiatzen den jendea topatzea, niri behintzat, gustatzen zait. Tentsio puntu hori sortzen da, baina berak irabazita ere poztu egiten zara. Hori oso polita da.

Loatzo musika eskolan egin zenituen lehen pausoak. Hasi zinenean ba al zenuen asmorik musika ikasketak egin eta ogibide bihurtzeko?

Egia esan, ez. Ni bateriarekin hasi nintzen, ez perkusio klasikoarekin; beste musika estilo batetik nentorren. Loatzoko azken urtean hasi nintzen pentsatzen kontserbatorioa aukera bat izan zitekeela... Eta orduan ere ez nuen erabat garbi. Kontserbatorioko bigarren edo hirugarren urtean sentitu nuen gogoa benetan apustua egiteko.

Eta zerk eman zizun bultzada?

 

Kontserbatorioa hastea nahikoa bultzada izan zen, baina hurrengo bi urteetan sentitu nuen nahiko ondo moldatzen nintzela eta denbora gutxian garapen handia lortu nuela. Gustatzen zitzaidan, eta pentsatu nuen posible izan zitekeela hori bizibide bihurtzea. Bizpahiru urtez lanean gogor aritu nintzen eta hor egon zen apustua.

Etxekoen babesa ere garrantzitsua izaten da halakoetan.

Bai, eta nire kasuan ere hala izan da. Beti babestu naute. Biek txikitatik instrumenturen bat jo dute, eta aita musika taldeekin askotan aritu bada ere, ez dira behin ere musikari profesionalak izan. Baina beti lagundu naute, eta asko eskertzen diet hori.

«Zortekoa izan naiz babestu nautelako, baina baita nire bidea bilatzeko lekua utzi didatelako  ere»

Ni mugitzen naizen lekuetan ingurukoen gurasoak ezagunak izaten dira ia beti. Hori onuragarria izan daiteke, inguru hori ezagutzen dutelako eta badakitelako nondik bideratu. Ni, ordea, zortekoa izan naiz babestu nautelako, baina baita nire bidea bilatzeko lekua utzi didatelako ere; eta hori oso aberasgarria iruditzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!