Iruran haurrei jazartzen ari zaien 16 urteko mutil baten kasua salatu dute @denuncias_euskalherria Instagrameko kontuan. Aldageletan grabatzen harrapatu dutela eta mutil horrek bortxaketa saiakera bat egin duela salatu dute bertan. Irura Moretuz talde feministak, Irurako Ikastolak eta Irurako Udalak adierazpen bateratua kaleratu dute eta esan dute sare sozial horretan aipatzen diren gertakariak «lazgarriak eta arbuiagarriak» direla.
«Eraso mota horiek indarkeria matxistaren eta gure gizartean oraindik nagusi diren genero desberdintasuneko jarreren adierazpen arbuiagarriena baino ez dira, eta gu horren aurka gaude, modu irmoan», esan dute hiru eragileek publiko egin duten oharrean. Balioetan oinarritutako hezkuntzan eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute eta azpimarratu dute egunero jardun behar dela horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan.
Edozein eraso mota «gogor» salatzen dutela esan dute Irura Moretuzek, ikastolak eta udalak eta berretsi dute erasorik gabeko Irura baten alde lan egiten dutela orain arte eta egingo dutela aurrerantzean ere, «nor bere arlotik».
Irurako Udalak, bere aldetik, aipatu du jarraituko duela azken urteetan berdintasun politiken barruan garatu duen indarkeria matxistaren prebentzioan, detekzioan, arretan eta berroneratzean. Horretarako beharrezkoak diren udal baliabideak indartzen jarraituko dutela esan du, «hauek edozein herritarren esku egon daitezen bermatuz».
Salaketa gehiago eskualdean
Instagramen, @denuncias_euskalherria kontuak arlo ezberdinetako gizonek egindako erasoen testigantzak bildu ditu azaroaren 20tik hona, 250 baino gehiago. Salaketa horietako bitan Tolosako tatuatzaile bat ere aipatzen da.