John Cabangi omenaldia egin dio herriak

Ataria 2024ko azaroaren 30a

Gipuzkoako Atletismo Federazioak, Irurako hainbat eragilek eta Irurako Udalak egin diote omenaldia atleta gazteari. Esker ona adierazi du kirolari irurarrak.

John Cabang atleta irurarrari omenaldia egin diote gaur herrian bere kirol ibilbidean erakusten ari den mailagatik eta Iruraren izena munduan zabaltzen laguntzeagatik. Udaletxeko ganbaran egin diote harrera instituzionala eta Irurako Udalak, Gipuzkoako Atletismo Federazioak eta Cabangen lagunek hartu dute parte. Herriko eragileen esker ona jaso du, ondoren, plazan. 

Atleta gaztea «pozik» agertu da orain arte lortutakoagatik, eta aitortu du iritsi den tokira iritsi bada ingurukoen bultzadagatik izan dela. Udalaren izenean hitz egin du Gorka Murua alkateak eta kirolari gaztea zoriondu du orain arteko lorpenengatik. Udalak hariz egindako koadro bat eman dio oparitan.

Ramon Goikoetxea Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidenteak arreta jarri du kirolari olinpiko izatera iristeko egin behar den lan guztian eta Cabangi esker ona adierazi dio «zailtasun guztiei aurre egiten jakiteagatik». Oroigarri gisa urrezko ezkur bat ere eman dio oparitan.

Cabangen ibilbidea laburbiltzen duen ikus-entzunezko bat eskaini dute ekitaldi instituzionala amaitzeko; lagunek prestatutako bideoa izan da eta haiek hartu dute hitza segidan, prestatu dituzten bertsoak kantatzeko. Plazan jarraitu du ekitaldiak eta agurra dantzatu diote kirolari gazteari; segidan, Irura Bizi eta Irurako Ikastolakoen opariak jaso ditu. Goizeko ekitaldia, bere argazkiak sinatzen amaitu du.

Erlazionatuak

Herritarren esker ona

Ataria 2024 aza 30 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!