ELKARRIZKETA

«Errealitate fisikoan dagoen zerbait digital bihurtzen dugu»

Jon Miranda Labaien 2024ko urr. 26a, 07:58

Armenio Ferreira Silva. J.M.

Iruran bizi den Armenio Ferreira Silva ingeniariak enpresentzako aktiboak digitalizatzeko zerbitzua eskaintzen du; alderantziko ingeniaritzaren esparruan, eta metrologia erabilita, piezak zehaztasunez neurtu eta 360 graduan eskaneatzen ditu.

Hiru urte eman ditu euskara ikasten eta lehenengo agurra euskaraz egiten du Armenio Ferreira Silvak (Aveiro, Portugal, 1969). 2022tik gidatzen duen enpresa proiektuari ere, euskararen kutsua eman dio: Skanak. BIM eta alderantzizko ingeniaritzarako 3D eskaneatze eta modelatze zerbitzuak eskaintzen ditu. Iruran bizi da.

Zer-nolako ibilbide profesionala egin duzu Skanak sortu aurretik?

Portugalen mekanika arloko ikasketak egin nituen eta bizitza osoa sektore horretan eman dut. 2012an iritsi nintzen Euskal Herrira eta dimentsio handiko mekanika lantzen zuen enpresa batean hasi nintzen lanean. Gero, alderantzizko ingeniaritzan murgildu nintzen, buru-belarri.

Zergatik erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?

Nire jatorrizko herrialdearekin haserre nengoen. Hona etortzeko aukera sortu zitzaidan eta etorri egin nintzen. Giroz aldatu eta gauzak beste begirada batekin ikusi nahi nituen. Ez naiz geldi egotekoa, eta kamikaze samarra ere banaiz, horregatik erabaki nuen apustu egitea.

Lehiberriko enpresa haztegira jo zenuen. Zer-nolako laguntza jaso duzu ekintzailetza sustatzeko programatik?

Ez nintzen hutsetik abiatu, nire herrialdean banuen arlo honetan esperientzia, baina hona iritsitakoan zerbait ezberdina egitea otu zitzaidan. Hiru dimentsioetako eskaneatzeak bi multzo handitan bereizten dira: piezak daude, alde batetik, eta eraikinak, bestetik. Nik ez ditut hain bereizita ikusten eta horregatik gerturatu nintzen Lehiberrira nire proiektuarekin. Oso baliagarria izan da bertan eman didaten laguntza; formazioa jasotzearekin batera, aholkularitza eman didate hainbat arlotan. Bideragarritasun plan bat diseinatzen lagundu zidaten eta 2022an jarri nuen martxan Skanak.

Enpresen haztegian duzu bulegoa.

Bai. Lehen hiru urteetarako bulegoaren alokairua oso modu onean eskaintzen digute eta oso eroso nago bertan.

Zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue Skanak-en?

Alderantzizko ingeniaritzan dihardut gehienbat. Pieza baten planoa falta denean, alderantzizko prozesua egiten dut nik. Piezaren eskaneatzea eta modelatzea egiten dut hiru dimentsiotan. Formatu digitala ez duten piezentzako sortzen ditugu plano horiek, edo, adibidez, erabilitako piezen kasuan, haiek zenbateko higadura izan duten konprobatzeko.

Zein alde dago eskaneatzearen eta modelatzearen artean?

Hodei bat osatzen duten askotariko puntuen, lerroen eta azaleren irakurketa eta bihurketa da eskaneatzea. Puntu horietako bakoitzak, X, Y eta Z balioak dituzte —atributu gehiago ere izan ditzaketelarik—. Eta modelatzea, berriz, objektu baten hiru dimentsioko irudikapen grafikoaren garapena da. Puntu, lerro, gainazal eta solidoen bitartez egiten da, eta CAD softwareak erabiltzen dira horretarako.

Zer-nolako erabilera du teknologia honek?

Esate baterako, eraikinen alderantzizko ingeniaritza egiteko aukera ematen digu eskaneatze eta modelatze teknika honek. Monumentu historikoen kasuan, edo planoak dagoeneko galduta daude, edo dauden horiek ez dute bat egiten errealitatearekin. Ez dira ezkontzen. Kasu horietan, eraikina eskaneatu eta plano digital berriak atera ditzakegu. Orain, industria 4.0 delakoaren helburuak lortzeko biki digitalei buruz hitz egiten da eta, neurri batean, hori da egiten duguna, errealitate fisikoan dagoen zerbait digital bihurtzen dugu. Objektu bat izan daiteke, pieza bat, eraikin bat edo pertsona bat.

Pertsonak ere digitalizatu daitezke?

Bai. Egokitutako eskanerrak erabili behar dira horretarako. Momentuan egin behar dira, azkar, eta gorputz osoa kontuan hartuta. Pertsonak mugitu egiten gara eta, beraz, zehaztasuna galtzen du eskaneatzeak. Erabilera geroz eta gehiago ematen zaie gisa honetako eskaneatzeei. Zenbait moda etxek erabiltzen dute dagoeneko. Norberak bere abatarra egiten eta hainbat jantzi proba ditzake, gero, abatar horretan.

Zuk pertsonen eskaneatzeak egin dituzu?

Ez. Oraingoz ez. Etikoki ertz asko dituen gai bat da eta badu zerikusia norberaren datuen babesarekin. Gai honek baditu bere ondorenak.

Zer-nolako erremintak erabiltzen dituzue neurketak egiteko?

Piezaren tamainaren arabera eskaner bat edo bestea erabil behar izaten dugu. Era guztietako eskaneatzeak egin ditut nik, nagusiki, piezenak, baina inoiz eraikinak ere eskaneatu izan ditut; paper fabrika batean aritu nintzen, adibidez, Zaragozan.

«Astez aste egokitzapen berriak egiten ari dira eta oso fase dinamikoan gaude»

Aurrerapen teknologikoei dagokionez, eguneratuta egotea eskatzen dizu?

Bai. Momentu honetan askotariko garapenak ematen ari dira AA Adimen Artifizialarekin. Astez aste egokitzapen berriak egiten ari dira eta oso fase dinamikoan gaude. Ez da material merkea, gainera. Softwareetan eguneratuta egotea komeni izaten da eta hainbeste datu gordetzeko ere biltegi handia behar izaten dugu.

Zer uste duzu eskaini diezaiokeela hiru dimentsiotako eskaneatze eta modelatzeak ingeniaritzari?

Internetak informazioa eskuratzeko, komunikatzeko eta gure jarduerak garatzeko modua eraldatu zuen, horregatik, digitalizazioa funtsezko tresna da ingeniaritza prozesuetan. Elkarlana bultzatzen du; sormena, berrikuntza eta produktibitatea sustatzen ditu; segurtasuna areagotzen du; zehaztasuna ematen du; erabakiak arindu eta baliabideen eraginkortasuna hobetzen du.

Lagundu al dezake teknologia honek modu eraginkorrago batean antolatzen?

Bai. BIM Building Information Modelling eraikuntza sektorerako asmatutako metodologia bat da, orain beste hainbat sektoretara zabaldu dena. Lankidetza dago oinarrian. Demagun etxebizitza berri baten eraikuntza; askotariko gremioek hartu behar dute parte obra horretan eta, energia eta baliabide asko aurreztu daitezke, uneoro egokitzen den plano digital baten gainean lan egiten badute langileek. Hasiera batean burokraziatzat har dezake jendeak, baina epe ertainera abantaila dakar jarduteko era honek. BIM delako metodologia zabaldu egin da beste hainbat esparrutara eta orain, funtsezko bihurtu da, esate baterako, kultura ondarea ulertzeko, kontserbatzeko eta kudeatzeko; HBIM Heritage/Historic Buiding Information Modelling esaten zaio.

Lan metodologia hauek aurreratuagoak al daude beste herrialde batzuetan?

Erresuma Batuan sortu zuten BIM metodologia eta oso aurreratuta daude. Hemen ari gara pixkana. Beste hainbat herrialdetan geoerreferentzializatuta daude teknologia hauek guztiak eta ez dira aritzen hemen bezala, gutxi gorabehera, zulatu hemen eta zulatu han, hondatutako pieza topatu arte. Horiek guztiak galerak dira. Eraginkortasunez kudeatzeko biki digitalek balio handia dute.

«Eraginkortasunez kudeatzeko biki digitalek balio handia dute»

Ibilbide birtualak osatzeko aukera ere eskaintzen du Skanak-ek.

Hiru dimentsiotako eskaneatzeari aplikatu diezaiokegun teknologia bat da fotogrametria. Salto txikia dago batetik bestera. Gaur egun, badaude telefono mugikor eta tabletak espazio bat hiru dimentsiokoa bihurtu dezaketenak. Laserrak distantziak definitzen ditu eta fotogrametriak, puntu bakoitzari kolorea eta testura ematen die. Bi teknologiak bateratu eta ibilbide birtual horietara ekartzen ditugu guk.

Irurako ostatuko eta Irurako udaletxeko ibilbide birtualak prestatu dituzu.

Bai. Oso lan polita izan da. Udaletxearena, nahikoa lan osatua da, 140 panoramika inguru ditu. Google Maps-en efektua erabili dut eta udaletxean barrena bidaiatzeko aukera ematen du. Detaile politak ere baditu, igogailuan sartu eta botoi bati edo besteari eman, udaletxeko solairu batera edo bestera eramaten zaitu. Ibilbide birtuala ikusgai dago Skanak.tech webgunean. Orain, Basagaingo Burdin Aroko herrixkaren beste ibilbide birtual bat prestatzen ari naiz.

«Jakin behar duzu gauzak hainbat ikuspegitatik begiratzen»

Zer-nolako abilidadea eskatzen du zurea bezalako lan batek?

Ekipoak nola funtzionatzen duen eta softwareak nola pentsatzen duen jakin behar izaten da. Eskaneatzeak egiterakoan, adibidez, tripode batean eskanerra jarri, eta ekorketa batean harrapatuko duzu eraikinaren gehientsuena baina ez guztia. Eskaneatze bat baino gehiago egin behar izaten dira eta gero bakar batean bihurtu.

Zehaztasun handiko lana da. Pazientzia handia behar al da?

Zehaztasuna da gure lanaren ezaugarri nagusia. Ez dakit pazientzia den, baina jakin behar duzu gauzak hainbat ikuspegitatik begiratzen. Neurgailuak errore bat ematen dizunean hobea da, askotan, arnasa hartzera atera eta itzultzerakoan beste alde batetik begiratzea, agian, ordura arte ikusi ez dugun tokian egongo baita, seguruena, aterabidea.

Ulertzen al du jendeak egiten duzun lana?

Kosta egiten zait inguruko jendeari ulertaraztea baina gutxi gorabehera azaltzen diet eskaneatzeak egiten ditudala hiru dimentsiotan eta ulertzen dute. Dokumentu bat eskaneatzea balitz bezala, baina hiru dimentsiotan, bolumenarekin, hori esaten diet. Teknologia horrek zein erabilera duen galdetzen didate, batez ere. Baina hain da eremu zabala eta hainbeste aukera ematen ditu zaila dela azaltzen.

Zein asmo dituzu epe motzera?

Oraingoz ni bakarrik ari naiz lantokian, eta lankide bat izaten dut tarteka zenbait eginkizunetan laguntzen didana. Ea aurki beste maila batera salto egiten dudan eta lanpostuak sor ditzakedan. Ni gustura nabil eta jarraitu nahi nuke. Bizitza handiagoa eman nahi diot proiektuari. Perfekzionista naiz eta nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz, ahalik eta errendimendu handiena ateratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!