Irurako zaintza eredua aztertuko dute ikerketa batean

Jon Miranda Labaien 2024ko urr. 16a, 11:58

Udaleko Berdintasun sailak zaintza sistema aztertzeko beka esleitu die Urola Garaiko Lanbide Eskolan ortoprotesikan aditu diren ikerlariei.

Irurako Udaleko Berdintasun sailak ikerketa beka deitu zuen martxoan herrian zaintzaren arloa aztertu eta etorkizunera begira eraiki nahi duten eredua definitzeko. Urola Garaiko Lanbide Eskolako irakasle eta ikertzaile diren Leire Izagirrek (Zizurkil, 1994) eta Mirari Arratibelek (Gabiria, 1997) irabazi dute beka eta hurrengo hilabeteak izango dituzte ikerketa egiteko. Iruran gaur egun eta etorkizunera begira egon daitezkeen zaintza beharrei erantzuteko eredu «komunitario, sostengarri eta feminista» bat eraikitzeko oinarriak finkatzea izango da ikerketaren helburua.

Azterketa honek balioko dio udalari zaintza egitura baterako estrategia pentsatzeko eta horretarako baliagarria izango zaio Izagirre eta Arratibelen esperientzia. Lanbide eskolan ortoprotesika eta laguntza teknikoko graduan irakasle aritzen dira eta biek diote zaintzaren ikuspegi integrala izateko lagungarria dela arlo honetako jakintza.

Aurretik Urola Garaian egin izan dituzte gisa bereko ikerketak, Zumarragan, Urretxun, Ezkion eta Legazpin. «Zaintzarako ekosistema osoa aztertu eta proposamen zehatzak egiten dizkiegu erakundeei», aipatu du Izagirrek. Zaintza sistema egituratzen duten dimentsio guztiak aztertuko dituzte bi ikerlariek: Iruran dituzten baliabideen deskribapena eta hauen erabilera; udaletik kanpora dauden gainerako baliabideen azterketa; zaintza beharren analisia; eta bizipen eta esperientzien bilketa.

Proiektuaren amaieran zaintza baliabideen gida bat jarriko dute irurarren eskura, Arratibelek aipatu duenez, «jendeak jakin dezan egoera baten aurrean zein pauso eman, zein baliabide eskatu eta nola jokatu».

Modu parte hartzailean egingo dute ikerketa eta kontuan hartuko dituzte ez bakarrik zaintza beharrean daudenak, baita zaintzaileak eta herriko eragileak ere. «Zabaldu egin nahi dugu ikuspegia eta aurrera begira jarri. Hemendik urte batzuetara zaintza baliabideen erabiltzaile izango diren herritarrak elkarrizketatu nahi ditugu, beraiek nola zahartu nahi duten eta nola zainduak izan nahi duten jakiteko», nabarmendu du Izagirrek. Atzo iluntzean egin zuten lehenengo bilera eragileekin egitasmoa aurkezteko.

ARRETA INTEGRALA

Deskribapen txosten orokor bat izango da orain abiatu duten ikerketaren emaitza eta horrekin batera publikatuko duten zaintza baliabideen gida. Etorkizunera begira zaintza sistema berregituratuko lukeen proposamen sorta ere luzatuko diote udalari, «krisi egoeran dagoen zaintza sistema irauli eta oinarri berriak jartzeko».

Genero ikuspegia txertatuta eramango du azterketak, eta Arratibelek aipatu duenez, arreta indibidualizatuaren beharraz egingo dute azpimarra. Izagirrek gehitu du askotariko aldeak hartuko dituztela kontuan ikerketan: «Zaindua izango den horren larruan jarriko gara eta bere behar guztiak aztertuko ditugu. Ezindua dagoen horrek ez badu etxea egokituta edo atarian oztopoak badauzka eta kalea irisgarri ez badago, ez da kalera aterako. Zaintzaz ari garenean hori guztia hartu behar da kontuan». Ortoprotesikan duten ezagutza baliatuko dute ikerlariek azterketa egiteko. Urola Garaiko Lanbide Eskolan eta Gasteizen baino ez dituzte gisa honetako ikasketak eskaintzen Euskal Herrian eta, Izagirre eta Arratibelen esanetan, zaintza bere osotasunean ulertzeko beharrezkoa da ikuspegi hori kontuan hartzea.

Hurrengo hilabete hauetan jardungo dute Iruran zaintza sistema aztertzen. «Gure helburua ez da ikerketa soil bat egitea, emaitzak ikusi eta herritarrentzat erabilgarri den eskaintza bat egitea baizik. Gauzak ondo egitera goaz», esan dute bi ikerlariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!