Tolosaldeari itzulia, ultra batean

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 2a, 17:00

Imanol Zubillaga, Rakel Uribeetxeberria eta Alberto Rey, UTT Erronka probako kamisetarekin.

Pixkana forma hartzen hasitako mendi lasterketa 2025eko irailaren 13an egingo da, Iruran hasi eta bukatuz. UTT Erronka izenarekin, 77 kilometroko ibilbidea izango du.

Datorren urteko irailaren 13an, larunbatez, lehenengo Ultra Trail Tolosaldea Erronka (UTT Erronka) egingo da. Iruran hasi eta bukatuko da, 77 kilometro izango ditu, 9.200 metroko desnibel pilatua eta horietatik 4.600 maldan gora. Tolosaldeko tontorretatik igaroko da, zirkulu bat irudikatuz: Loatzo, Uzturre, Belabieta, Urdelar, San Lorenzo, Ipulin?o, Erroizpe, Otsabio, Intxurre eta Erniozabal. Hori horrela, zortzi herrigunetatik pasako dira mendi korrikalariak: Irura, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Lizartza, Altzo, Alegia eta Albiztur.

Ideia 2021ean hasi zen mamitzen. «Oraindik David Delgado bizirik zegoen, eta lasterketa bere omenez izango da», azaldu du antolakuntza taldeko kidea den Alberto Reyk. «Trail entrenatzailea eta Madrilgo trail federazioaren teknifikazio arduraduna zen». Reyren entrenatzailea zen Delgado eta Tolosaldeko inguruak asko gustatzen zitzaizkion. «Nik behin hona gonbidatu nuen, eta lau bat tontor erakutsi nizkion, eta berak galdetu zidan ea nolatan ez zen hemen ultra proba bat antolatzen», azaldu du Reyk. «Berak izan zuen ibilbidearen ideia, eta baita lasterketa bat bihurtzekoa ere. Herri askotatik pasatzea eta tontor askori ikusgarritasuna ematea nahi zuen. Ondoren, ni sartu nintzen, eta bion artean diseinatu genuen».

2022an, ordea, Delgadok mendi istripu bat izan zuen Katalunian, bederatzi aterpeen ibilbidea egiten ari zela, eta bertan hil zen. Rey oso ukituta geratu zen: «Ez zen nire entrenatzailea bakarrik, nire laguna ere bazen. Eta gerora nire ingurukoak hasi ziren esaten lasterketa hori aurrera ateratzen saiatzeko, eta bere omenez egiteko». Aldeko iritziak jaso zituen, eta baita erokeria bat izango zela horrelako proba bat aurrera eraman nahi izatea. «Orain esan daiteke gauzatuko den proiektu bat dela. Babesleak baditugu eta espero dugu gehiago ere izango direla», azaldu du Reyk.

Oria Sport Wear Ibarrako enpresa da antolatzaile ofiziala, eta lantalde bat dago lasterketa aurrera eramateko. «Nik Alberto ezagutu nuen Alpino Uzturre mendi lasterketako taldearen bitartez», azaldu du enpresako buru den Rakel Uribeetxeberriak. «Guregana etorri zenean ez genuen batere zalantzarik izan. Guk ezin dugu asko eskaini, enpresa gaztea garelako eta hainbat proiektutan sartuta gaudelako, eta kirol askotan gaudelako sartuta. Baina traila bai dela indar handia hartzen ari den kirola, hemen mendia besterik ez dugu eta denei gustatzen zaie hona etortzea». Uribeetxeberriak gaineratu duenez, «konfiantza osoa dugu lantaldean, eta proiektura babesleak erakartzeko prest gaude. Ilusio handia egiten digu Oria Sport Wear izatea antolatzaile ofiziala, eta lantalde ederra sortu da hau dena aurrera ateratzeko».

«GOZATZEKO PROBA DA»

Probaren egunerako ia urtebete falta bada ere, UTT Erronkak dagoeneko interesa piztu duela azaldu du Reyk: «Runnun trail aplikazio ezaguneko arduradunak ibilbidea sartu zuen eta jende asko ari da ikusten, eta esan zigun arrakasta izango duela. Instagrameko kontuan jende asko ari zaigu galdezka noiz izango den, nola eman izena eta zenbat balio duen. Nabaritzen da interesa sortu duela».

Antolakuntza taldeko kidea da Imanol Zubillaga, eta mendi lasterketetan parte hartu izan du: «Nik asko ezagutzen ditut mendi horiek, askotan entrenatu dut bertan, baina ez nuen behin ere pentsatu dena lotu eta lasterketa bat egitea. Eta Albertok esan zidanean, sekulako ideia iruditu zitzaidan». Zubillagak gaineratu duenez, «ez dira mendi altuak, baina denbora guztian gora eta behera zoaz, eta desnibel handia ateratzen da. Azkenean, ibilbidea Tolosaldeko mendi guztietatik pasatzen dela esan daiteke».

Ibilbidea «gogorra» dela azaldu du Reyk, baina ez dela teknikoa: «Entrenatzen aritu izan garenok, Iruratik Berastegiraino bidea egin izan dugu, baina beste aldearekin lotura egitea ez zegoen pentsatuta. Oso polita da, eta gozatzeko proba bat da».

Tolosaldea eskualdearen ikuspegia duen mendi lasterketa da. Korrikalariak pasako diren zortzi udalerriek lasterketari harrera ona egin diotela esan du Reyk. Lehenengoa Iruran hasi eta bukatuko da, baina asmoa da urtero irteera zein helmuga hartuko dituen herria aldatzea.

Bestalde, ultra distantziako Euskal Herriko Koparen barruan sartzeko eskaera egin dute. Aukerak badituzte, eta UTT Erronka koparen barruan txertatzen bada, egutegiko azkena izanik, bertan izango litzateke lehiaketa horren sari banaketa. «Estreinako urtean Euskal Herriko Koparen barruan egotea oso berezia izango litzateke», esan du Reyk.

Izen ematea martxo inguruan zabaltzeko asmoa dute, eta data zehatzaren berri jakinaraziko dute. Kostua 75 eurokoa izatea aurreikusi dute, eta korrikalariek poltsa bat jasoko dute, hainbat produkturekin, tartean probaren kamiseta. Erreleboka egiteko aukera ere izango da, eta guztira 450 parte hartzaileentzako lekua izango dela aurreikusi dute. «Ilusioz gaude proba hau aurrera ateratzeko. Bide onetik doa dena, eta espero dugu mendi korrikalarien erantzun ona izatea», esan dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!