Bi xare irekien finalak larunbateko eguerdi partean jokatuko dira

Ataria 2024ko ira. 25a, 11:59

VI. San Migel Xare Irekian, Zabalegi-Cassaing eta Halsouet-Mujika lehiatuko dira; I. San Migel Xare Ireki Mistoan, Agirre-Garmendia II.a eta Fernandez-Gibelalde.

Asteburuan finalerdiak jokatu ostean, erabakita geratu dira aurtengo xare irekien finalak. VI. San Migel Xare Irekiko finala Zabalegi-Cassaing bikotearen eta Halsouet-Mujika bikotearen artekoa izango da. I. San Migel Xare Ireki Mistoaren finalean Agirre-Garmendia II.a eta Fernandez-Gibelalde lehiatuko dira. Larunbat honetan, Irurako San Migel jaien barruan jokatuko dira finalak, Ametsa trinketean. 11:30ean hasiko da jaialdia gaztetxoen I. San Migel Xare Ireki Mistoaren finalarekin, eta ondoren jokatuko da VI. San Migel Xare Irekiarena. Ametsa Pilota Elkartea ari da bi txapelketak antolatzen.

Finalerdietan maila handiko jokoa ikusi zen eta finaletan ere hori espero da, urduritasunak ez badu gehiegi eragiten. VI. San Migel Xare Irekiaren lehenengo finalerdian Zabalegi-Cassaing bikoak 40-23 mendean hartu zuen Ondarts-Barneix bikoa. Barneixek Lafarge ordezkatu zuen, azken hau besoan mina zuela ezin izan zuelako parte hartu, eta emaitzan nabaritu zen, Ametsa Pilota Elkarteko Mikel Uzkudunek azaldu duenez: «Uste dut Lafargek jokatu izan balu, partida estuagoa izango zela». Bigarrengo finalerdiak zirrira handiagoa izan zuen, Halsouet-Mujika bikoak 40-39 irabazi zuelako Mendizabal-Erro bikoaren aurka. «Ez zen hain partida estua izatea espero, ligaxkako partidan abantaila handiagoarekin gailendu baitziren Halsouet eta Mujika», azaldu du Uzkudunek. Hain justu, Mendizabal eta Erro aurretik izan ziren 38-39, baina azkenean aurkariek bi tanto segidan egin eta garaipena lortu zuten.

I. San Migel Xare Ireki Mistoaren finalerdietan Martina Flores eta Izei Garmendia bikoak 35-21 irabazi zion Alaine Larrarte-Eneko Larrañaga bikoari. Flores eta Garmendia faboritoak ziren eta hori erakutsi zuten partidan. Bigarren finalerdian, Adei Gibelalde-Paule Fernandez bikoak 35-26 irabazi zion Sara Agirre-Ur Aristi bikoari. Partida hau lehena baino lehiatuagoa izan zen, baina Gibelaldek eta Fernandezek hasieratik aldea egin zuten markagailuan, eta gero horri eutsi zioten. Finalari begira, Martina Floresek ezingo du jokatu, eta bere ordez Sara Agirre ariko da, finalerdietan galdu zutenetatik tanto gehien egin zuten bikoaren aurrelaria izanik.

VI. San Migel Xare Irekiaren finala «estua» izango dela esan du Uzkudunek: «Ez dut ikusten faborito garbirik. Zabalegik eta Cassaingek biko oso orekatua osatzen dute, eta lan asko egin beharko dute Halsouetek eta Mujikak». Azken biko hori zertxobait faboritoagoak direla gaineratu du: «Batez ere Halsouetek jokatzen duelako. Dohain bereziak ditu xarerako; ezkerra da baina eskuina ere bikaina du».

Gaztetxoen finalerako Agirre eta Garmendia II.a faboritotzat jo ditu. «Izei Garmendiak besteek baino maila pixka bat altuagoa du, eta berak markatu dezake aldea finalean». Gaztetxoak dira, eskarmentu gutxirekin finaletan, eta ikusi beharko da horrek nola eragiten dien lau pilotariei larunbatean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!