Uztailaren 15etik 18ra Iruratik pasatzen den Oria ibaiaren zatian garbiketa lanak burutu zituen Irurako Udalak Gureak gizarteratze enpresaren bitartez. Bildutako hondakinak San Migel plazan ikusgai ziren aste horretan zehar, herritarrak ibaira iristen diren hondakin kopurua ezagutu eta hauek jatorrian ondo kudeatzeko beharra azpimarratzeko helburuarekin. Guztira 103 kilo hondakin atera ziren ibaitik.
Irurako zatiko Oria ibaiaren garbiketa kanpainan, 23 kilogramo plastiko, 52 kilogramo burdin; 23 kilogramo errefusa eta 5 kilogramo egur atera ziren. Garbiketa lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako sailaren diru laguntzarekin egin ditu Irurako Udalak.
Udalak aipatu du hondakinak dagokion edukiontzian eta modu egokian jasotzen ez badira, horietako askok ibaian amaitzen dutela, eta zati handi batek, itsasoan. Hondakinak modu egokian kudeatzeko dauden aukerak gogorarazi ditu udalak: herriko kaleetako edukiontzietan (organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, arropa, sukaldeko olioa, pilak, errefusa, zakur gorotzak); hondakin arriskutsuak: kultur etxe ondoan dagoen etxolan edo Garbigunean; tamaina handiko hondakinak: beirarentzako edukiontzien ondoan hilaren lehen eta hirugarren ostiralean (bezperako gauean 20:00etatik aurrera eta ezin da utzi obra hondakinik, pneumatikorik, paletik, paperik, kartoirik edo zabor poltsarik). Hondakinak modu egokian ez kudeatzeak 90 euro eta 45.000 euro arteko isuna ekarri dezakeela gogorarazi du udalak.
Bilketa egokian laguntzeko hondakinak egoki sailkatzeko gida eta eskualdeko bi garbiguneen informazioa eskura dute herritarrek.