Elkarrizketa

«Gorputza muturrera eramaten dugunean, hor dago arriskua»

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 5a, 16:00

John Cabang, erdian, Parisko Olinpiar Jokoetan. @FOTORUNNERS

Bere asmoa Olinpiar Jokoetan borrokatzea zen, ahal zuen guztia eman eta ahal zuen urrutien iritsi, baina azken orduko lesio batek zapuztu zuen bere bidea Parisen. Egun lesio horretatik osatzen ari da atleta irurarra.

John Cabang irurarra (Madril, 2001; 2010etik Iruran bizi da) Filipinetako selekzioarekin lehiatu zen aurten Parisen egin diren Olinpiar Jokoetan, 110 metro hesietan. Lehen kanporaketan seigarren postuan geratu zen, 13,66 eginez, eta bigarren aukerari uko egin behar izan zion lesio batengatik.

Hilabete igaro ostean, nola duzu gogoan Olinpiar Jokoetako bizipena?

Oraindik mina daukat, oraindik ez da guztiz pasa. Ikusten dut orain erabaki ona hartu nuela, oraindik mina sentitzen dudalako.

Izan ere, lehenengo proban parte hartu zenuen, eta bigarren aukerari uko egin zenion, lesio batengatik.

Hori da. Orain bi hilabete faszitisa izan nuen, eta uztailaren 23an infiltrazioa egin zidaten kortikoideekin. Min hori pasa egin zitzaidan, baina proba egin baino bi egun lehenago, zartada bat eman zidan aduktorean, eta hurrengo egunean ezin nuen ezta korrika egin ere. Eskerrak Filipinetako selekzioko kide Ernest John Obiena pertika jauzilariak bere fisioterapeuta pertsonala eraman zuela; hark egin zidan masajea egun horretarako, gero hantura-kontrakoa eman zidan, eta egun horretan korrika egin ahal izan nuen.

Sekulako nahigabea izango zen horrelako lesio bat izatea?

Bai. Dena ondo ateratzen ari zen. Faszitisaren minik gabe sekulako entrenamenduak izaten ari ziren, eta bi egun lehenago sentitu nuen zartada, eta egun bat lehenago ezin nuen korrika egin, eta hurrengo egunean proba nuen. Beldurrarekin nengoen.

Egoera ikusita, ez dago gaizki egindako denbora: 13,66.

Nuen egoera kontuan hartuta, ondo dago, baina anbizio handikoak gara eta beti pixka bat gehiago nahi dugu, eta ez zen nahikoa izan niretzat.

Finalerdietara sailkatzeko bigarren aukera izan zenuen, baina hor ez zinen aurkeztu.

Bi egunetara zen bigarren aukera hori, baina lesioa okertu egin zen, lehen proban behartu egin nuelako. Bigarren aukerako egunean berotzera joan nintzen, masaje bera egin zidan, hantura-kontrakoa eman, baina gaizki zegoen eta ezin nuen trostan ibili ere.

Faszitisaren lesioarekin arduratuta egon, eta gero bestea etorri zen. Horrelakoak ere gertatzen dira.

Azkenean gure gorputza muturrera eramaten dugunean, hor dago arriskua. Oso marra fin bat dago, ezin dena ikusi.

Nola sentitu zinen momentu horretan?

Kanpotik ikusten da Olinpiar Jokoetara iritsi zarela, baina behin horra iritsita nik nahi nuen ahal nuen guztia borrokatu pistan, finalerdietara pasa ahal izateko. Agian finalera iristeko indarrarekin ikusten nuen nire burua, baina hori oso zaila da. Indarrarekin sentitu nintzen, eta ikustea ezin nuela azken momentuko lesio batengatik, bihotza pixka bat haustea bezala izan zen.

Esan duzunez, oraindik aduktorean min duzu.

Bai, eta esan didate beste hiru aste edo hilabete egongo naizela lesioa osatu arte. Orain gehienbat gimnasioko lanak egiten ari naiz indarra ez galtzeko, baina parte hori ez dut ezer erabiltzen.

Eta faszitisa nola duzu?

Kortikoideak sartu nituenetik ez dut berriz sentitu, beraz, ondo doa.

Kirol emaitzaz aparte, nola bizitu zenuen Olinpiar Jokoen barruan egotea?

Inaugurazio ekitaldian parte hartu nuen, eta oso polita izan zen, baina euri dezente egin zuen. Beraz, hotz pixka bat pasa genuen, Sena ibaitik ere joan baikinen. Baina nahiko ondo joan zen.

Giroa da berezia, oso sanoa zen, azkenean lehiatzera goaz, eta badaude goi mailako kirolariak, pixka bat isilkorragoak direnak, baina beste guztiak nahiko irekiak izaten gara, nire ustez behintzat. Hiri olinpikoa pixka bat eskasa zela iruditzen zait zenbait gauzetan; aurreko urtean izan nintzen Asiako Jokoetan, eta antolakuntza aldetik askoz hobea zen.

Zer ez zitzaizun gustatu olinpiar hiriari buruz?

Nahi zuten ekologikoa-eta egin, baina nire ustez ez zuten begiratu atletengatik. Gehienbat irudia zaintzen ari ziren. Adibidez, lotarako tokiak nahikoak baziren niretzako, baina dominen lehian zebiltzanentzat agian ez zen nahikoa. Orokorrean esan daiteke ondo zegoela.

Beste kirolari batzuekin egoteko aukera izan zenuen?

Gehienbat nire selekziokoekin. Boxeoa, gimnasia, piragua, igeriketa... Gu 22 ginen, multzo trinkoa eratu genuen, eta norbaitek proba batean parte hartzen zuenean, denok batera ikusten genuen telebistatik. Familia oso ona osatu genuen.

Dirudienez, Parisen batera eta bestera ibiltzea ez zen erraza izan.

Ez, eta gainera sarrerak lortzea oso zaila zen. Atletek bagenuen dohainik ikusteko aukera, baina sarrerak lortzea oso zaila zen.

Estadio olinpikoaren barruan egoteak zer sentsazio suposatu zuen? Agian izandako lesio berri hori zenuen buruan...

Ez, behin estadioan egonda, onena da horretaz ezer ez pentsatzea, eta horixe egin nuen. Aurrera egin behar nuela pentsatzen nuen, zetorrela zetorrena.

Olinpiar Joko batzuetan zeundela pentsatzen zenuen, edo beste proba bat bezala hartu zenuen?

Lehiatzeko egunean urduri banengoen, baina lehiatzeko gogoz. Ez nuen urduritasun txar hori, gaizki egingo nuela pentsatuz-edo. Banekien azken hilabeteak ez zirela onenak izan, baina lehiaketa egunean konfiantzaz joan behar da, eta hori ere landu genuen kirol psikologoarekin. Aurreko egunak bai pentsatu nuela pentsatuz Olinpiar Jokoak zirela, baina egunean bertan konfiantzaz joan nintzen.

Beste zer bizipen ekarri dituzu Olinpiar Jokoetatik?

Ondoren Filipinetara joan nintzen, eta sekulako ongietorri ekitaldia egin ziguten. Manilatik ibilgailu batean eraman gintuzten, eta jende asko zegoen, denok zoriontzen, eta oso giro ona zegoen. Oso berezia izan zen.

Orain, beraz, lesioa osatzen ari zara. Laster hasiko da berez denboraldia?

Berez pista estaliko denboraldia urtarrilean hasten da. Ikusiko da ordurako nola nagoen. Ez dut presaka ibili nahi.

Datorren denboraldiari begira baduzu helburu zehatzik?

Lehiaketak badaude, baina oraindik ez dugu helburuez hitz egin. Azkenean, norberak bere buruari egiten dio presio gehien, eta momentuz ez dugu ezer hitz egin.

Nazioarte mailako zer lehiaketa daude denboraldi horretarako?

Pista estaliko Munduko Txapelketa dago, Asiako Txapelketa, aire libreko Munduko Txapelketa, SEA Games izenekoa... Ikusten joango gara nola nabilen, eta horren arabera zehaztuko ditugu gauzak.

Oraindik asko falta da 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoetarako, baina bertara joateko nahia baduzu?

Iritsiko da hori. Lehenengo lesioa osatu, gero datorren denboraldia eta gero etorriko da etorri behar duenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!