ELKARRIZKETA

[GOGORATUZ] «Kazetariaren lana frenetikoagoa da gaur egun, orain dela urte batzuk baino»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko abu. 22a, 10:00

Eider Goenaga Lizasoa 'Berria'-ko zuzendariordea. BERRIA

Berria egunkariko zuzendariordea da Eider Goenaga joan den ekainetik hona; haren sorreratik da bertako langilea, eta Euskaldunon Egunkaria-n eman zituen lehen urratsak.

Joan den urteko ekainetik Berria egunkariko zuzendariordea da Eider Goenaga Lizaso (Donostia, 1974) kazetaria. Lehen urratsak Euskaldunon Egunkaria-n egin zituen, eta Berria egunkariko lantaldearen parte da hura sortu zutenetik. Jaiotzez donostiarra, lau hamarkada baino gehiago daramatza eskualdean errotuta. Unibertsitateko gradua egin aurretik Kazetaritza ikasi nahi zuela esan zion ikastetxeko orientatzaileari, eta hark erantzun ez zela «sekula kazetari izango» hori eginez gero. Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea ondu du kazetaritzan, eta xehe aletu ditu zuzendariordetzaren nondik norakoak eta egunkariaren erronkak.


Eider Goenaga, 'Berria'-n, bere bulegoan. AITOR ARROYO ASKARAI


Nolakoa da zuzendariorde baten egunerokoa?

Ez dakit bi egun berdin badauden. Zuzendariordea, etxe honetan behintzat, asko arduratzen da lantaldeaz. Azken urteetan garrantzia berezia eman diogu taldea zaintzeari; lehen ere ematen zen, jakina. Pentsa, hirurogeitik gora kazetari gara, orduan, beti dago zerbait: hauteskundeetan erabaki behar da nola landu kanpaina eta baita eguna antolatu ere; aurretik Espainiako Kopa dagoela, eta norbait finera bidali behar duela Berria-k; Olinpiar Jokoak ere aurten dira eta antolatu behar da bidaia...

Halakoetarako taldea indartzea ere behar izaten da, eta mugimenduak egin behar izaten dira. Horrekin batera, beti izan behar dugu gogoan taldea jendeak osatzen duela eta garrantzitsua dela haiekin egotea, hitz egitea, entzutea, kezka eta beharrei erantzuten saiatzea... Gai teknikoagoak ere badira: bajak, eszedentziak eta abarrak ordezkatu beharra, opor garaien kudeaketa... Beraz, egun batzuk mugituagoak eta beste batzuk lasaiagoak, baina ez daude bi egun berdin.

60 pertsonatik gorako taldea kudeatzen duzu. Zein zailtasun ditu?

Zailtasun asko ditugunik ez dut esango. Iruditzen zait lantalde oso ona eta polita daukagula. Adin aldetik ere denetik daukagu: jende gaztea, esperientzia zabalagoa duen jendea... Esango nuke harremana, oro har, ona dela.

Hainbeste langileren artean izango dira iritzi desadostasunak ere.



Piramide egitura esaten zaiona daukagu; azkenean, ezin duzu 60 pertsonatik gorako talde bat asanblada bidez kudeatu. Ez du funtzionatzen. Guk gaikako sailak ditugu, eta talde horietako bakoitzak dauka bere koordinatzailea; eta, gero, erredakzio zuzendaritza dago. Erredakzio zuzendaritzak ez du askotan ematen agindu bat sail koordinatzaileak edo taldeak duen iritziaren kontra. Batzuetan egin behar da, baina, orokorrean, nahiko modu askean funtzionatzen dute sailek. Azken batean, sailburuak dira gai horiei buruz gehien dakitenak.

 

«Erredakzio zuzendaritzak ez du askotan ematen agindu bat sail koordinatzaileak edo taldeak duen iritziaren kontra»



Ni erredakzio zuzendaritzako kide naiz, baina Mundua sailean dagoen arduradunak baino gehiago, munduaz, ez dakit. Egon liteke aparteko irizpideren bat, baina, gehienetan, soka luzea uzten diegu. Norbait koordinatzaile izatera iristen denerako gurekin denbora bat egindakoa da, eta badaki etxe honetan nola lan egiten den, gaiak nola lantzen ditugun eta gure irizpideak zein diren. Ez da desadostasun handirik egoten.



Langile horietako asko gazteak dira. Nola eragiten du horrek?

Oso eragin positiboa du, freskura ematen digute. Munduarekin edo errealitaterik berrienarekin konektatzeko bidea dira. Gazteei guk esperientzia eta ezagutza ematen dizkiegu, eta guri ematen digute gazteen munduarekin lotura estuagoa. Kazetaritza bera ere izugarri aldatu da, eta oraintxe egin dugun tresnen aldaketan nabarmen ikusi da: gazteek hartu dute berehala; di-da harrapatu dute. Sare sozialekin ere askoz eguneratuago egoten dira. Ni enteratzen naizenerako TikTok izena duen gauza bat existitzen dela denek badakite zer den. Beste abiadura batean daude. Gu boomer-ak omen gara [barrez].

Eta ez hori bakarrik, gaiak planteatzeko garaian beste ikuspegi bat ere ematen digute. Baina, nabarmenena da multimedian askoz errazago ibiltzen direla. Gu oso paperekoak izan gara, baina papera bakarrik ez doa inora. Paperarekin jarraituko dugu, baina beste errealitate horri ere heldu behar diogu; eta, horretan, mila buelta ematen dizkigute gazteek. Urtero sartzen dira bekadunak; urtero, 22 urtekoak. Badirudi aldiro gazteagoak direla, baina ez; gu ari gara zahartzen. Niretzat etxe honek duen bertute handienetako bat dira bekadunak.


Erronka ere izango da bekadunekin lan egitea.

Erronka bat da jende hori heldu gabe datorrela: berde. Berde esan nahi dut, ezagutza eta esperientzia handirik gabe. Baina hor sortzen dugu oreka: beteranoagoak garenok jartzen dugu ezagutza eta haiek ematen digute freskotasuna; baina ez nuke esango txarra denik. Etxe honetan kazetarion %95 bekadunak izan ginen gure hastapenetan, eta esango nuke bekadunak gure altxorra direla.

 

«Niretzat etxe honek duen bertute handienetako bat dira bekadunak»



Ahalegin bat eskatzen du, pertsona berri bati dena azaldu behar diozulako: nola idazten dugun, gai hau nola lantzen dugun, hau nola izendatzen dugun... Lana da, baina bueltan jasotzen duguna handiagoa da. Eta esan gabe doa gure etorkizuna direla.



Zuzendari aldaketarekin batera izendatu zintuzten zuzendariorde. Espero al zenuen?

Proposamena jaso nuenean, ez. Agian espero nezakeen nik Amagoia Mujikarekin —zuzendari berria— dudan tratuagatik; oso harreman estua dugu. Berak nik baino lehenago zekien zuzendari izateko proposatuko zutela, eta susmoa dut ezkutuan ni prestatzen aritu zela. Berari ere esan izan diot [barrez].

Nolakoa da zuen arteko elkarlana?

Elkarlana ona da. Oso norabide berean gaude biak; bai taldea nola gidatu erabakitzeko garaian, nola zaindu nahi dugun jendea, eta baita informazioaren tratamenduari dagokionean ere. Oso orekatuta gaude: Amagoiak nazioarteko gaietara jotzen du gehiago; eta, nik, Euskal Herriko gaietara. Konfiantza handia dugu eta elkarrekin ondo egiten dugu lan. Nire aldameneko bulegoan dago eta eskatu izan dugu batetik besterako ate bat jartzeko buelta asko ematen ditugu; baina ez digute kasurik egiten [barre txikiarekin].

'Euskaldunon Egunkaria'-n zinen itxiarazi zutenean, eta 'Berria' sortzeko prozesuan ere parte hartu zenuen. Nola oroitzen duzu aldaketa behartu hura?

Oso ondo gogoratzen naiz momentu haietaz. Otsailaren 20an itxi zuten Egunkaria, eta Egunero zen horretara joan ginen abordaian. Egun hura orduz ordu ere gogoratzen dudala esango nuke.

Berria-ren sorrera egun garrantzitsua izan zen. Niretzat, dena dela, lorpen handiagoa izan zen egunero kalean izatea, gero Berria ateratzea baino. Bigarrenari garrantzirik kendu gabe, izugarria izan baitzen. Ikaragarrizko babesa jaso genuen zentzu guztietan: batetik, babes emozionala, zeina jaso genuen Donostiako manifestazioan, besteak beste; eta, bestetik, babes ekonomiko handia: dirua eskatu genien herritarrei eta eman egin ziguten. Beste egunkari sendo bat hutsetik sortzeko aukera eman ziguten.

Gizartearen halako babesik jaso izan ez bagenu... Ez dut pentsatu ere egin nahi. Baina lehen egunetik jaso genuen eta bagenekien babes horrekin eta taldean genuen jendearekin... Erdia Egunero-n zebilen lanean, baina beste erdia pankartak egiten ari zen edo albisteak ingelesera itzultzen atzerriko komunikabideei helarazteko. Jende guztia zegoen lanean. Batera joan, bestera... Lau hilabetez inor ez zen geldirik egon. Talde horrekin bazenekien lehenago ez bazen, geroago; baina egingo genuela. Ondo gogoan dut nolakoa izan zen denok berriro lanean elkartu ginen eguna. Gaur egungo eraikin hau zigilatuta zegoen eta ondokoan egon ginen hasieran.

Gaur egunera itzuliz, informazioaren lanketa egunerokotasunetik bat-batekotasunera pasa da. Nola eragin du horrek 'Berria'-n?

Eragina izugarria da. Bat-batekotasunak zer sortzen duen? Bi erritmotara lan egin behar izatea. Ez da erraza. Onartu dugu, azkenean, horrela egin behar dugula lan. Batetik dauzkazu berehala landu beharreko gaiak; eta, bestetik, hemendik hamabost egunerako erreportaje bat. Kazetariaren lana frenetikoagoa da gaur egun, orain dela urte batzuk baino. Irudipena dut lehen askoz ordu gehiago egiten genituela: hamar lan orduko egunak ziren ia denak. Orain ordu gutxiago egiten ditugu, askoz ordenatuagoa da dena, baina... Estresagarriagoa da orain lana; eta sumatzen da. Lan polita da, eta ez nuke beste lanik egingo. Niri estresagarriagoa iruditzen zait umeekin eskolan irakasle aritzea. Jendeak esaten du «irakasleak zein ondo bizi diren». Niri ez didate inongo inbidiarik ematen. Bokazio kontua da [barrez]. Baina hemengo lana ere estresagarria da.

 

«Bat-batekotasunak zer sortzen duen? Bi erritmotara lan egin behar izatea»



Sailetik sailera ere egongo da alderik, ezta?

Badaude sail batzuk, zeinak agian lasaiagoak diren; baina lasai-lasai hemen ez da inor ibiltzen. Epe luzerako lan egiten dutenak beste modu batera ibiltzen dira, baina epeak ere bete behar dituzte. Gaurkotasuneko sailetan daudenek, berriz, erritmo biziagoetan egiten dute lan. Sareetan lan egiteak, inork presiorik egin gabe ere, berez sortzen du estresa. Askotan ez da koordinatzaileak edo editoreak eskatzen duela, baizik eta norberak sentitzen duela halako estutasun bat. Horri frenoa jartzea kosta egiten zaigu; eta egin behar dugu. Paperak ez dakigu zenbat iraungo duen; beraz, gauza horietara derrigorrez bai ala bai sartu behar dugu.

 

«Hemendik hamar urtera agian holograma bidez egingo dugu lan; batek daki»



Duela bizpahiru urte webinarrak egin behar ziren. Lehenengo hitza ikasten duzu, gero egiten hasten zara eta konturatzen zarenerako pasa egiten dira. Orain podcastak dira. Ez dakigu hamar urte barru jarraituko duten ala ez, baina orain egin egin behar dira. Tren horietara igotzea da kontua, probatzea eta trenak nora eramaten zaituen ikustea. Webguneak ere, auskalo. Hemendik hamar urtera agian holograma bidez egingo dugu lan; batek daki. Baina hor egon behar du komunikabide batek.

Denbora da arlo digitalak komunikazioaren esparrua irauli zuela. Nola ari zarete egokitzen?

Ez da bukatzen egokitze prozesu hori. Esandakoa: orain podcastak dira, baina irudiekin. Bideoek ere izan zuten gorakada: lehen horizontalak grabatzen genituen eta, orain, bertikalak dira.



Badaukagu Berrikuntza Mahaia deitzen dugun talde bat. Bertan parte hartzen dute produkziokoek, erredakziokoek, marketinekoek, ikus-entzunezko taldekoek... Bakoitzak adi egon behar du bere arloan zer gertatzen ari den.

Normalean sartzen gara gauza horietara hanka txiki batekin... Berria ez da lehen hedabidea kontu horietara sartzen, baina uste dut asmatu dugula trena ez galtzen, eta trenetara garaiz samar igotzen. Egongo dira hobeto egiten dutenak, baina gu ere tren berean goaz.

Gero kontuan hartu behar da zein baliabide ditugun: bai Berria-n, bai eskualdeetako hedabideetan. Nahikoa egiten dugu tren horietarako tiketa hartu eta martxan dauden bitartean igotzen. Ahalegintzen gara, eta esango nuke duintasunez egitea lortzen dugula.

Hedabide askok jarri dituzte edukiak ordainpeko. Ez, ordea, 'Berria'-k. Nondik dator hautu hori?

Berria euskarazko egunkari nazional bakarra da. Guk euskararen normalizazioa bultzatu nahi dugu eta euskararen normalizazioa interesatzen zaigu. Euskaraz irakurtzen duen jendea nahi dugu, etorkizunean ere, jendeak Berria kontsumitu dezan. Bada, hori lortzeko egin ezin duguna da mugak jartzea.

Irakurle kopuru mugatu bat daukagu. Publikoa ez da espainierak, ingelesak edo txinerak izan dezakeena bezalakoa. Euskaldunak garenak gara eta, beraz, ez du zentzurik ordainpeko jartzeak. Gure edukiek mundu guztiaren eskura egon behar dute. Ezin dugu bestelakorik egin euskararen normalizaziorako tresnatzat hartzen badugu geure burua. Horrek eskatzen duena da beste finantziazio modu batzuk bilatzea.

Gure lan hori beste nolabait konpentsatu behar da. Azkenean, zerbitzu bat ematen dugu, zeinak mesede egiten dion euskararen normalizaziori eta zabalkundeari. Eta horrek behar du beste ordain bat instituzioetatik ez hainbeste irakurleengandik.

Gure erronken artean dago ea nola lor ditzakegun Berrialagun gehiago, harpidedun gehiago... Baina horrekin ere ez gara iritsiko gure ehuneko ehuna finantzatzera. Jasotzen dugu diru laguntza, baina egokitu behar dira laguntza horiek sektoreak lanean jarraitu dezan.

Finantziazio iturri nagusienetako bat administrazio publikoa izateak ez al du hedabidea baldintzatzeko arriskurik?

Ez bagenu administrazio publikoen beharrik izango, guretzat, askoz hobe; baina momentu honetan ez da bideragarria. Gaur egungo gazteek egunkaria fisikoki erostearena ez daukate barneratuta, inondik inora. Beraz, interneteko hormak izan behar du ordainpekoa? Ez zait iruditzen.

 

«Diru laguntzak jaso izan ditugunean ez dugu inoiz utzi inork gure ildo editorialean eragiten»



Publizitatea webgunean sartzea ere konplikatua da, bisita kopuruaren arabera saltzen delako. Hor, txikian, nekez gabiltza. Diru laguntzak jaso izan ditugunean ez dugu inoiz utzi inork gure ildo editorialean eragiten. Jendeak pentsa dezake eragina duela, baina guk egin ditugun akordioak ez doaz edukien arabera. Jaurlaritzak ematen digu gure finantziazioaren zati bat, baina ez dugu inoiz utzi horrek gu baldintzatzen.

Beti dago baten bat deitzen duena eta esaten duena ez dagoela ados; baina ez Jaurlaritzak bakarrik, hona jende guztiak deitzen du. Jende guztiak sentitzen du Berria berea dela. Askotan esaten dugu: leku guztietatik jasotzen badugu, ondo ari garen seinale.

Gure Dekalogoan jartzen du independenteak garela eta ziurtatu dezaket independenteak garela, benetan. Herri aldizkarietan eta komunikabideetan ere diru laguntza jasotzen da, baina ez zait iruditzen hori esku sartze baten truke izaten denik. Urkulluri buruz idatzi behar badugu zerbait txarra idatzi egingo dugu, eta deiren bat etorriko zaigu; baina ez dago besterik.

Etorkizunera begira posible izango al da edukien doakotasuna mantentzea?

Hor dago erronka. Aurreko krisi ekonomikoa gogorra izan zen guretzat ere. Papera desagertuko dela ez dakit zenbat urte goazen entzuten, baina hor jarraitzen du. Berrialagunaren profila ere hor daukagu.

 

«Bizi garen herrian egunkariagatik ordaintzea, oraindik ez dago modan»



Oso konplikatua da egoera. Gainera, bizi garen herrian egunkariagatik ordaintzea, oraindik, ez dago modan. Gero Netflix edo antzeko guztiak ordaintzen ditugu... Bada, guk beste era batera lortu behar dugu atxikimendu hori: komunitatea sortu, horri balioa eman... Ez dakit; probak egiten ari gara. Izango bada, azken aukera izango da edukiak ordainpeko jartzea. Orain astean eduki aurreratu batzuk ateratzen hasi gara, non hainbat orduz Berrialagunek bakarrik irakurri ahal izango duten. Lehen proba egin genuen Korrikarako ekoitzitako dokumentalarekin. Horrek ekarriko ote duen zerbait? Piztuko ote duen gogoa? Batek daki. Negozio eredu berriak arakatu behar ditugu; eta ez da erraza.

Aipatutakoez gain, zein erronka ditu 'Berria'-k?

Erronka ezberdinak daude. Batetik, gaur egun, komunikabideez hitz egiten dugunean sare sozialez ere hitz egiten dugu. Hor dagoen informazio anabasa horretan bizi gara: fake news edo gezurrezko albistez betetako mundu batean. Guk gure erreferentzialtasuna daukagu, lan egiteko seriotasun horretatik. Bada, erronketako bat da izateko modu horri eutsi behar diogula mundu berri honetan; eta ez da erraza. Hor eutsi behar diogu, ezin diogu utzi bat-batekotasun horri jan gaitzan.

Batzuetan ikusten dituzu titular batzuk hedabideetan... Gero barrura sartu eta ez dago titularrarekin zerikusia duen edukirik. Baina horiek dira mugikorrera iristen zaizuna: kaka pila bat. Nahaste horretan lortu behar dugu jendeak jakitea Berria-tik jasotzen badu, ez dela gezurra; fidatu daitekeela.

Horrez gain, berritzearekin, ea nola egiten dugun tren horietara igotzeko bidean erori gabe edo belaunik puskatu gabe. Eta euskarazko hedabide nazional hau hogei urte barru ez dakit paperezkoa izango den edo ez, baina izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!