Elkarrizketa

«Olinpiar Jokoetan egotea amets bat betetzea bezalakoa da»

Imanol Garcia Landa 2024ko uzt. 10a, 11:59

Atletismoan dagoen txapelketarik garrantzitsuenean izango da John Cabang atleta irurarra Filipinetako selekzioa ordezkatuz 110 metro hesietan. Parte hartzeaz gain, lehiatzeko asmoa du eta finalerdietarako txartela lortzea du helburu.

Hiru urte zituela Donostiara joan zen bizitzera John Cabang (Madril, 2001), eta bederatzi urte dituenetik bizi da Iruran. Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du, 110 metro hesietan. Lehen kanporaketa abuztuaren 4an izango du. Bere ametsa betetzeko, maiatzean 13,37ko marka egin zuen, Olinpiar Jokoetara joateko berrogei sailkatuetatik 30. denbora onena eginez. Tolosa CF-n hasi zen atletismoan eta egun Real Sociedad klubeko atleta da.

Abuztuaren 4a zure bizitzako unerik garrantzitsuenetakoa izango da.

Bai, hor hasten da nire parte hartzea Olinpiar Jokoetan, eta dagoeneko urduri nago.

Zer suposatzen du zuretzat Olinpiar Jokoetara joateak?

Oraindik, hemen nagoela, ez dut sinisten, baina eguna iristean amets bat betetzea bezalakoa izango da. Oraindik ez dut gehiegi pentsatu nahi.

Nola izan da Olinpiar Jokoetara iristeko bidea?

Orain dela urte eta erdi hasi ginen amesten eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera izango ote genuen ikusten. Filipinetako selekzioan sartu nintzenean, emaitzak ez ziren hain onak, baina postuak lortzen joan nintzen. A<urreko udan hasi nintzen nahiko emaitza onak edukitzen, beraz, hor aldatu genuen pentsamendua eta ikusi genuen aukera zegoela Olinpiar Jokoetarako postu bat lortzeko borrokatzeko.

Filipinetako selekzioarekin lehiatzen hasi zinen 2023ko otsailean. Errazago ikusten zenuen modu horretara sailkatzea Espainiako selekzioarekin baino?

Ez zen zehazki horrela izan. Nire guraso biologikoak Filipinetakoak dira, eta nire ama biologikoak behin eta berriz esaten zidan Filipinetako selekzioarekin probatzeko. Hain justu, Filipinetako selekzioak nirekin kontaktatu aurretik Espainiakoak kontaktatu zuen nirekin, eta ezezkoa eman nien.

Olinpiar Jokoetara joateko aukera ezberdinak daude; batetik, gutxieneko marka lortzea, eta bestetik, gonbidapena jasotzea. Zuk zer asmo zenuen?

Nire kasuan gonbidapena lortzea ezinezkoa zen pertika jauzia egiten duen filipinar bat dagoelako — Munduko Txapelketan bigarren geratu zen eta Olinpiar Jokoetan egondakoa da—. Aukera bakarra zen gutxienekoa lortzea edo txartela puntuen arabera eskuratzea. Ez dut gutxienekoa lortu, beraz, puntuen araberako sailkapenaren bidez lortu dut sailkapena.

Gutxienekoa zure proban 13,27 zen, eta 13,37 lortu duzu. Espero zenuen horrelako marka lortzea?

Uste genuen aurreko urteko marka (13,53) jaitsiko genuela, baina maiatzean 13,37ko marka lortu genuen, eta ezustean izan zen. Lasterketaren baldintzak oso onak izan zirelako lortu genuela pentsatu genuen, baina handik bi astetara 13,38 egin nuen, ehuneko bat gehiago, beraz, horrek baieztatzen zuen maila horretan geundela. Horrek amesteko bidea ireki digu eta marka hobetzeko aukera dugula pentsatzen dugu.

Marka gehiago jaisteko asmoa duzu hemendik gutxira, beraz?

Datorren urtean Munduko Txapelketa izango da, eta ez dakit noiztik aurrera egin daitekeen gutxienekoa horri begira, baina dagoeneko lortzen badugu, datorren urterako lanak eginda izango ditugu.

Maiatzean egin zenuen 13,37 marka, Filipinetako errekorra eta Euskadikoa ere bada.

Lorpen handia da. Orain bi urte 13,88 egin nuen Espainiako Txapelketan, eta oso pozik atera nintzen lasterketa horretatik. Nik hori sinatuta utziko nukeen nire bizitzarako, baina urtez urte marka hori ari naiz jaisten.

2023ko otsailean Asiako Txapelketan parte hartu zenuen, lehenengoa Filipinetako selekzioarekin. Ordudanik hainbat nazioarte mailako probatan parte hartu duzu.

Aurreko urtea nire lehenengoa izan zen nazioarte mailan, eta Asiako Txapelketan, Asiako Jokoetan eta Asiako Hegoekialdeko Jokoetan egon nintzen, eta niretzat plazer bat izan da Filipinak ordezkatzea. Nire burua ahal dudan gehien zukutu dut.

Pixkana joan zara markak murrizten, eta horrekin batera, besteak beste, Euskadiko errekorrak egiten.

Beti espero duzu pixka bat gehiago egitea. Azkenean perfekzionismoak hori du, bakoitzak bere lana egiten du bere kabuz, eta pentsatzen du hobetu dezakeela. Baina esan dezaket nahiko garapen ona izan dela 13,88ko markatik 13,37ra iristea. Oraindik gogoan dut aurreko urtean, ekainean, 13,65 egin nuela Euskadiko Txapelketan, eta lehenengo aldiz egin nuela absolutu mailako Euskadiko marka. Nire taldeko Iban Maizari kendu nion, eta hori beti izango dut gogoan.

2023ko uztailean 13,53ra jaitsi zenuen Espainiako Txapelketan, eta gainera zilarrezko domina lortu zenuen.

Txapelketa polita izan zen. Oso indartsu ikusten nintzen; Enrique Llopis hor zegoen eta harrapatu nahi nuen, baina ezinezkoa izan zen.

Aurten, otsailean, Asiako Txapelketan parte hartu zenuen 60 metro hesietan, eta hor 7,64ko marka pertsonala egin zenuen.

Iranen izan zen txapelketa, eta niretzako ez zen oso erraza izan. Karrera txar batetik nentorren; entrenamenduetan ondo ari nintzen, baina ez nintzen gai ikusten hori karreratan erakusteko. Beraz, Asiako Txapelketara mentalitate baxuarekin joan nintzen. Finalerdietan mentalitate aldaketa egin nuen, hor marka pertsonala egin nuen, eta gero finalean dena ematera joan nintzen eta orduan egin nuen 7,64ko marka, eta brontzezko domina lortu nuen. Oso polita izan zen.

Nazioarteko proba batean brontzezko domina lortzea sekulakoa da.

Bai, gainera aurreko urtean Asiako laugarren geratu nintzen 110 metro hesietan, eta Asiako Jokoetan ere laugarren geratu nintzen. Beraz, txapa lortzea geratzen zen.

Beste momentu berezi bat azken urte eta erdian, Glasgoweko Munduko Txapelketan parte hartu zenuela izan zen.

Bai, eta gogoan dudana da oso urduri nengoela. Jende oso ona ikusten nuen, batez ere nire proban estatu batuarrak, italiarrak, frantziarrak... eta zirrara sortu zidan. Hala ere, nire markatik gertu geratu nintzen eta finalerdietan izan ginen, beraz, pozik nago egindakoarekin.

Aipatu dugun marka erabakigarria Olinpiar Jokoetara joateko, 13,37koa, Filipinetako Txapelketan izan zen, maiatzean. Nola bizitu zenuen?

Ez genuen espero horrelako markarik egitea. Ez zegoen markagailurik, eta karrera bukatzerakoan ez nintzen oso gustura geratu. Harmailetan zegoen nire entrenatzaileari begiratu nion karrera azkarra izan zela pentsatuz, baina ez nuen pentsatu ere egin nire marka pertsonala zenik. Marka esan zidatenean nire Filipinetako lagunengana joan nintzen korrika egindakoa beraiekin ospatzera, eta inoizko garrasirik handiena bota nuen.

Hainbat bidaia egin dituzu tarte honetan. Zure poltsikotik jarri duzu dirua?

Hasieran nire +poltsikotik jartzen nuen, baina neure buruari esaten nion inbertsio bat zela, geroz eta hobeto egingo nuela, eta lortuko nuela niri hegazkina ordaintzea. Gaur egun ordaintzen didate hegazkina, eta orain nik aukeratzen dut bidaia.

Martin de la Fuente da zure entrenatzailea. Zer eragin izan du zure lorpenetan?

Berak salbatu ninduen. Nire aurreko entrenatzailearekin desadostasun bat izan nuen, eta urte bat entrenatzailerik gabe egon nintzen, nahiz eta Espainiako gutxienekoa egin. Galdetu nion Martini ea urte bukaera arte berarekin entrenatu ahal izango nuen, eta baiezkoa eman zidan. Hortik aurrera, atletismoa uztea ere pentsatu nuen, eta berak deitu zidan eta esan zidan jarraitzeko, pixka bat gehiago saiatzeko. Hortik aurrera, 2020tik aurrera, hemen segitzen dut, markak hobetzen, bidaiatzen... Dena berarengatik izan zen.

Entrenatzeko nola moldatzen zara?

Berazubin batez ere indarra egiten dut, gimnasioa edo serie luzeak. Gauza oso teknikoak direnean, abiadura eta hesiak, Donostiara joaten naiz. Real Sociedad klubean hesietako talde bat dugu, eta besteak nire proba berekoak ez izan arren, beraiekin egoten naiz, eta nire entrenatzaileak beraiei ikusten die, eta niri ere bai. Beraz, Donostian eta Tolosan ibiltzen naiz.

Entrenatzailearekin noiz egoten zara hartu-emanetan?

Uste dut egunero hitz egiten dudala. Harreman oso ona dugu, eta lagunak bezala gara. Gaztea da, eta horrek ere eragiten duela uste dut.

Zer dute berezitik hesiek?

Nire ustez, pertika jauzia eta gero, hesiak dira proba teknikoena. Lehiatuko naizenekin alderatuta, txikiena naiz, beraz, niretzat proba politena da, eta pixka bat gehiago exijitzen dit. Ni erabat maiteminduta nago hesiekin.

Noiz joango zara Parisera?

Orain hanketako tratamendu bat egiten ari naiz, eta pare bat aste geratuko naiz horretarako. Uztailaren 22an edo 24an bertara joango gara. Ez dugu ordu aldaketarik eta klima ere antzekoa da, beraz, ez dugu bertara presaz joan beharrik. Uztailaren 26an izango da inaugurazio ekitaldia, eta bertan izango gara.

Tratamendua egiten ari zarela diozu. Lesio batekin zabiltza, ezta?

Bai, azken momentuan sortu den lesio bat da, baina buelta emateko aukera dugu. Ez dakit oraindik zehazki nerbioa den edo faszia den, baina berdin dio, dena emateko gai izango gara.

Orain gutxi Espainiako Txapelketan parte hartu duzu, bosgarren eginez. Nola ikusi duzu zeure burua?

Hankako lesio honekin ezin izan dut nahi bezala korri egin, baina parte hartzera joan naiz, oraindik ez nekielako Olinpiar Jokoetara joateko sailkapena lortuta nuen ala ez.

Olinpiar Jokoetan zein da zure asmoa lehiari dagokionez?

Lehenengoa asmoa borrokatzea da. Ea finalerdietara pasatzeko aukera dudan, eta nire marka pertsonala gainditzen dudan. Batez ere, borrokatu nahi dut eta disfrutatu.

Lehen kanporaketan 40 parte hartzaile izango zarete. Finalerdietara zenbat pasatzen dira?

Hortik 24 pasatzen dira. Aukera badagoela ikusten dut. Oso lehiakorra naiz, eta finalerdietara pasatzeko asmoa dut. Publiko asko dagoenean eta horrelako txapelketa handietan, asko hazten naiz. Beraz, nahiz eta teknikoki pixka bat gaizki noan, mentalki oso indartsu sentitzen naiz eta aurrera egiteko asmoa dut; nahiko lehiaketa ona egiteko esperantza dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!