Sanferminen inbidiarik ez

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uztailaren 6a

Irura Bizi elkarteak herriko zenbait eragilerekin elkarlanean antolatuta, V. Uzta Giro eguna ospatzen ari dira Iruran. Eguerdian, txupinazoaren ondoren, entzierroa eta kale antzerkia egin dituzte.

Duela urte batzuk, herri giroa sustatu eta ondo pasatzea helburu zuen Uzta Giro eguna antolatzen hasi zen Irura Bizi elkartea, herriko eragile gehiagorekin elkarlanean. Bada, gaur, ekimen honen bosgarren edizioa ospatzen ari dira herrian, Irurako gazte asanbladak eta kultura mahaiak lagunduta. Egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek, adierazi duten moduan, «herritik, herriarentzat eta herritarrentzat».

12:00etan, eskualdeko herritar batzuk Iruñean eta beste asko bertako plazan gertatzen ari zena pantailaz jarraitzen ari ziren bitartean, Iruran ere lehertu da txupina. Batekin nahikoa ez, eta hiru suziri izan dira. Gainera, eta sanferminei keinu eginez, entzierroa egin dute ondoren.

Poteoaren eta bazkariaren aurretik, barrez lehertu dira herritarrak, Barsanti konpainiaren eskutik LJ 75 kale antzerkiarekin. Txisteak eta umorez jositako esaldi eta mugimenduak nonahi, haur, gazte zein helduek ederki gozatu dute.

Une honetan, herri bazkaria egiten ari dira elizako arkupeetan, eta bazkalostean bingo musikatua izango da, gazteen eskutik. Arratsaldean jarraituko du festa giroak, honako egitarauarekin:

  • 17:00. Apar feseta ume eta helduentzat.
  • 17:30. The Hastelen´s musika taldea plazan.
  • 20:30. Barrikotea. Mahaiak jarriko dira eta sagardoa egongo da.
  • 21:30. DJ Naza plazan.
Erlazionatuak

Uzta Giro eguna irudietan

Ataria 2024 uzt 08 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!